Eibar-Maltzaga bidegorriaren proiektuaren aurkezpena egin dute gaur

Eibar-Maltzaga bidegorriaren proiektuaren aurkezpena egin dute gaur
2018/03/14 eta kitto!
Eibar eta Elgoibar arteko lotura osatuko duten ia bi kilometroko bidegorri-tartearen proiektua aurkeztu dute gaur goizean udaletxeko pleno aretoan Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Miguel de los Toyos alkateak. Diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak Azitain-Maltzaga bidegorrirako obra-proiektua idazten amaitu du eta “asmoa lanak urte honen amaieran hastea eta bidegorria 2019. urtearen bukaera baino lehen amaituta egotea” da. Eibar eta Elgoibar arteko bizikletentzako eta oinezkoentzako lotura horrek ia bi kilometro izango ditu eta lanek 5,1 milioi euroko aurrekontua dute. Esandakoaren arabera, “eraikiko den tarteak Eibarko Barrena kalea, batetik, eta Elgoibartik abiatu eta gaur egun Maltzagan amaitzen den eta zabalik dagoen bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea, bestetik, lotuko ditu”.

Bidegorri 1 w

Diputatuaren berbetan, “Debabarrenako bi herri nagusiak lotzea Aldundiarentzako apustu estrategiko bat da eskualde honetan bizikletaren erabilera eta mugikortasun iraunkorra eta osasungarria sustatzeko. Badakigu ez dela tarte erraza, eraikitzeko zailtasunak dituelako, baina honako hau Debabarrenako herritarren eskaera historikoa da eta horri erantzun nahi diogu, azkenean Eibar eta Elgoibar oinezkoentzako eta bizikletentzako bide baten bitartez lotzeko, eta inguru horretako pertsona guztiek erabili ahal izateko”.

https://youtu.be/vgJpX98pwE4