Ikasenpresa Azoka egingo da eguenean Untzagan

0    Eibar 
Ekhi
Ikasenpresa  Azoka  egingo  da  eguenean  Untzagan
30 Urt
1:03

“Gehiago ikasi dut bi hilabetean lan egiten, hiru urtetan ikasten baino”. Zenbat aldiz entzun ditugu horrelako (edo antzeko) baieztapenak? Ikasten aritzetik lan egitera igarotzeko orduan jauzi nabarmena igartzen dute askok. Salto hori leundu eta lan munduan sartu aurretik proiektu propioak garatzeko asmoz, eskoletan enpresak sortzeko aukera ematen die Ikasenpresak ikasleei.

 

Otsailaren 1ean EAEko Lanbide Heziketako ikasleek sortutako zerbitzu eta produktuen Ikasenpresa Azoka jasoko du Untzagak 10:30etik 13:30era. VII. edizioa izango da aurtengoa eta, Tknikak ordenatuta, 320 ikasenpresatik gora egongo dira karpa bitan banatuta, iaz baino 100 gehiago; eta 1.600 ikasle egongo dira, inoiz baino gehiago. Ikasturte honetan 820 Ikasenpresatik gora sortu dituzte EAE-ko Lanbide Heziketa zentroetan, eta 4.000 bat ikaslek eta 170 irakasle inguruk jardun dute lanean.

Lanbide Heziketako ikasleen artean kultura ekintzailea bultzatzeko asmoarekin garatzen den heziketa proiektua da Ikasenpresa, eta horren harira antolatzen dute azoka. Hezkuntza-programa honen helburua enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea eta gaitasun ekintzaileen garapena sustatzea da. Sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, ekimena, lidergoa, konpromisoa, irmotasuna eta negoziazioa lantzen dira, besteak beste. Horrez gain, beste kultura eta gizarte-errealitate batzuetara hurbildu nahi da ikaslea, eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu. Autoenplegua aukera bat gehiago dela erakutsi nahi zaie ikasleei, profesional onak izateko konpetentziak garatzeko aukerak emateaz gain.

Ikasenpresaren eredua Txilera heldu da eta praktika honen errekonozimendua jaso du UNEVOCen eskutik, Unescoren Lanbide Heziketaren adarra.

 

Metodologia praktikoa

Ikasenpresak hezkuntza-testuinguru berritzailea sortu eta ikaskuntza-metodologia praktikoa erabiltzen du. Ikasleak euren erosotasun-gunetik irtetera behartzen dituzte, lan-merkatura irteterakoan aurrean izango dituzten egoera edo arazoei aurre egiteko.

Lanbide Heziketako ikasleek enpresa txikiak sortzen dituzte Ikasenpresan eta enpresa horiek sortzeko beharrezko ekintzak garatzen dira. Irudi korporatiboa sortzen dute eta administrazio, marketing eta salerosketa arloak lantzen dituzte, besteak beste. Ikasleen produktuak benetakoak izaten dira, eurek sortu edo banatutakoak.

Egitasmoa martxan jartzeko orduan aholku eta laguntzak jasotzen dituzte ikasleek, nondik nora joan eta zein arlo jorratu behar duten argiago edukitzeko. Gainera, komunikazioari eta salmenta postuei buruzko tailerrak jasotzen dituzte eurekin egiten diren lehen bileretan. Gero, taldeek proiektuak garatu ondoren, otsailaren 1ean Eibarrek jasoko duen azoka egiten da, salmenta tokien inguruan lan egin eta euren produktu edo zerbitzuak eskaintzeko.

I. Ikasenpresa Kongresua

Aurten lehen aldiz egin da Ikasenpresa Kongresua. Euskadiko Lanbide Heziketako 570 ikasle inguruk hartu zuten parte abenduaren 11tik 18ra Donostia, Barakaldo eta Gasteizen egindako bilguneetan, eta ‘Izan ekintzaile!’ izan zen lehen edizioaren goiburua. Sareko lankidetza sustatzea izan zen kongresuaren helburu nagusia eta, hori bultzatzeko asmoz, ikasleak elkarrekin lan egiteko elkartu ziren zenbait tailerretan parte hartzeko. Euren Ikasenpresen berri emateaz gain, euren ametsak azaldu, negozio ideia bat aurrera eramateko oinarrizko finantza ezagupenak jakin, euren lan-mundua irudikatu eta protagonisten ahotik ekintzailetza bizipenak ezagutu ahal izan zituzten kongresuan

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »