Elkartasun bazkaria Aroari laguntzeko

0    Eibar 
Ekhi
Elkartasun  bazkaria  Aroari  laguntzeko
08 Urt
1:06

Zazpi urtetan zehar egindako proben ostean Coffin-Siris sindromea duela diagnostikatu diote Aroa haur eibartarrari. Gaixotasun genetiko oso arraroa da eta pare bat kasu besterik ez daude estatu osoan. Gaixotasun honi aurre egin eta Aroari laguntza eskaintzeko asmoz, Haize Aroa elkarteak bazkari solidarioa egingo du Eskozia La Brava lagunartearekin batera urtarrilaren 13an, zapatua, Eibar KE eta Atlético de Madriden arteko partiduaren aurretik.

Ipuruako neurketa 18:30etan hasiko da, baina goizean goizetik antolatu dituzte ekintzak Haize Aroak eta Eskozia La Bravak. 10:00etan txosna irekiko da Untzagan eta DJ Kurrok girotuko du goiza. Pintxoak eta edariak emateaz gain, hainbat zozketa egingo dira. “Isasiko Aratattook, adibidez, 150 euroko tatuaje bat zozketatuko du”, antolatzaileen berbetan.

Partiduaren aurretik indarrak hartzeko bazkaria egingo da 15:00etan. Paella, sorbetea eta debaldeko edana eskainiko da 10 euroren truke, eta Laubide eta Garden tabernetan erosi ahal izango dira tiketak ostegunera arte. Bazkarian parte hartzen dutenen artean Eibar KE-ko kamiseta bat, Eibar-Malaga partidurako bi sarrera eta ELB´01-eko materiala zozketatuko dute. Horrez gain, umeentzako jolasak ere egongo dira eta gaztelu-puzgarria jarriko da txikienentzat.

Antolatzaileek adierazi digutenez, “hainbat lagunarte etorriko dira kanpotik, lagunarteen egun berezia ospatuko duelako Eskozia La Bravak, eta Salamanca aldetik ere talde txiki bat etorriko da”. Eibar KE-k, Udalak, Etxeberria Arkitektura Estudioak eta Isekin eta Amaña es la caña elkarteek ere euren babesa eskainiko dute ekimena antolatzeko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »