Kike Amonarrizen atzoko saioak abiatu du "Hamaika Berbaldi" egitasmoa

Kike Amonarrizen atzoko saioak abiatu du "Hamaika Berbaldi" egitasmoa
2017/12/20 eta kitto!
Atzo arratsaldean Kike Amonarriz soziolinguistak eskainitako “Euskara bidegurutzean, baita Eibarren ere” hitzaldiak interes handia piztu zuen eibartarren artean, saioak udaletxeko patioan ehundik gora lagun biltzea lortu zuen eta. Solasaldian, besteak beste, euskararen erabileraren inguruan jardun zuen berbetan eta Eibarko egoera Euskal Herriko toki gehienetan dagoenaren oso antzerakoa dela azaldu zuen. Horrekin batera, arlo horretan Eibarren AKEBAI plataformak egindako ahalegin eta lana goraipatu zituen, euskararen gaiari “ilusioz” heltzeko gaitasunarekin batera.

IMG_9855 IMG_9861 IMG_9865

Eibarren AKEBAI plataformak antolatuta aste honetan egin den hitzaldiarekin datorren urte osoan zehar jarraipena izango duen “Hamaika berbaldi” ekimena abiatu da. Asmoa, orain hasi eta 2018ko abendura bitartera 11 hitzaldi, tertulia edota mahainguru egitea da, besteak beste euskararen aldeko diskurtsoa berritzeko, euskaraz bizi nahi dugunok ahalduntzeko, euskaraz bizi ez den jendearengana ailegatzeko eta “11 egun euskaraz” Euskal Herri mailako egitasmorako eibartarrak martxan ipintzeko.