Eibarko Udalak bat egin du Pasaiako alkateek korporazioko bi kide ohien kartzelaratzearen inguruan sinatutakoarekin

0    Berriak, Politika 
Silbia
Eibarko  Udalak  bat  egin  du  Pasaiako  alkateek  korporazioko  bi  kide  ohien  kartzelaratzearen  inguruan  sinatutakoarekin
17 Aza
6:12

Aste honetan egindako Bozerameileen Batzordean Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohiaren eta udal horretako funtzionario ohia den Iker Rokandio eibartarraren auziaren inguruan idatzitako elkartasun testua aztertu eta gero, Eibarko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, udal talde guztien (Eibarko EAJ-PNV taldearena izan ezik) babesarekin, bat egin du elkartasun adierazpenarekin, aipatutako lagun biei ezarri dieten espetxe-zigorra dela eta.

Udaleko talde politikoek onartutako proposamena Pasaiako alkate ohiek aurkeztutako idatzi batetik dator. Proposamenean “emandako epaian bien espetxeratzea ez jasotzea eta hirugarren mailako espetxe zigorra ezartzea kartzelan sartu baino lehen, eta hori posible izango ez balitz, ahalik eta azkarren garatzea” eskatzen da.

Pasaiako bi alkate ohien idatzian ondorengoa adierazten da: “Ondo ezagutzen ditugu alkate izatera iristen den pertsonak hartu behar dituen erabakiak gurea bezalako udalerri batean. Hartutako erabakiekin asmatzea ez da lan erraza beti eta, askotan, herritarren arazoak konpontzeko borondateak zalantzak sortzen dizkigu gure jokaeran; batzuetan, posible da huts egitea” adierazi dute.

Jeltzaleen azalpenak

Alkatetzatik zabaldu duten informazio honen harira Eibarko EAJ-PNVk hartutako jarreraren inguruko azalpenak eman ditu, Josu Mendikute Eibarko EAJ-PNV udal taldearen bozeramaileak sinatutako idatzian: “EAJ-PNVk ondo ikusten du alkateak testu horrekin bat egitea. Baina ez digute udal taldeon sinadura eskatu, babesa eskatu digute alkatea izan dadin sinatzen duena (alkateen testu bat baita, eta halaxe helarazi digute). Hori dela eta, Eibarko EAJ-PNV udal taldea ez da parte sentitu. Izan ere, aitortu egiten dugu guk ez ditugula gertakariak lehen eskutik ezagutzen. Hori dela eta, alkatetzari helarazi diogu alkatea babesten dugula berak, lehen eskutik gertakariaren nondik norakoak ezagutzen baditu eta testuarekin bat badator, testua sinatu dezan. Bat gatoz esaten denean sententzia desproportzionatua dela. Nolanahi ere, uste dut sententziaren inguruko balorazio bat egitekotan, epaitutako gertaeren inguruko balorazioa ere egin beharko genukeela, eta halakorik ez da mahai gainean jarri”.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »