Eibarren abiatuko da Aldundiaren ‘Gipuzkoan Eginak’ ekimena, hilaren 12an Portalean emango duten dokumentalarekin

Eibarren abiatuko da Aldundiaren ‘Gipuzkoan Eginak’ ekimena, hilaren 12an Portalean emango duten dokumentalarekin
2016/12/05 eta kitto!
Lurraldeko industriaren ibilbidea eta etorkizuneko erronkak zabalduko ditu Aldundiak Gipuzkoan Eginak ekimenarekin eta lehen hitzordua Eibarren izango da, hilaren 12an, gure herriko industriaren oraina eta geroa aztertzeko antolatu duten saioan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, "Armeria Eskolako ikasle baten bitartez, gure herriko industriaren iraganean, orainean eta etorkizunean sakonduko da eta, hori guztia, ikus-entzunezko batean bildu. Ibilbide horretako hausnarketak eta ondorioak, abenduaren 12an, arratsaldeko 19:00tan Portalea aretoan hasiko den ekitaldi irekian ikusi ahal izango dira". Sarrera librea izango da, baina joateko interesa izanez gero aurretik izena ematea eskatzen dute antolatzaileek, gipuzkoaneginak@gipuzkoa.eus helbidera mezua bidalita edota 943215177 telefonora deituta.
Azaldu dutenez, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuak belaunaldiz belaunaldi jakinduria, ekintzailetza eta etorkizunera baikor begiratzeko gizarteak duen gaitasuna nabarmendu nahi du Gipuzkoan Eginak ekimenarekin. “Gipuzkoako gizon eta emakumeek lan itzela egin dute gure lurraldeko ekonomia sendotzeko, beraiek dira gure lurraldeak duen balio garrantzitsuena, eta bide horretan jarraitzea nahi dugu”, adierazi du Ainhoa Aizpuru diputatuak.
Azken urteotan sakoneko aldaketak ematen ari dira gizarteko hainbat arlotan, baita industriaren alorrean ere. “Gure enpresa-ehuna etorkizunak exijitzen duen eraldaketari aurre egin beharrean aurkitzen da, enpresa gipuzkoarrek lehiakor eta dibertsifikatuak izan behar dute, eredugarriak. Nazioarteko merkatu honetan 4.0 industria esparruan lehiatzen jakin behar dute; euren presentzia globala areagotzen, berrikuntza, internazionalizazioa eta elkarlana indartzen, horrekin batera, kalitatezko enplegua sustatu nahi badute. Aldi berean, langileak enpresa-proiektuaren parte bihurtzeko premia nabarikoa da”, dio Aizpuruk.
Diputatuaren arabera, Gipuzkoan, “edonora begiratuta ere”, hainbat eta hainbat adibide ditugu, enpresa ugari, krisiak estutzen zuenean, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen bitartez, etorkizuna aurrikusi eta euren jarduerei bide berri bat eman dietenak.

CARTEL_PROTAVESPA