Eibartarrok Guinnessa lortu dugu!

Eibartarrok  Guinnessa  lortu  dugu!
22 Eka
11:37

Eibarren AKEBAI plataformak erronka bota zigun eta gaur horri erantzun diogu eibartarrok: 2.500 lagunek osatutako koloretako mosaikoa Untzagan irudikatzea lortu dugu eta, beraz, Guinness errekorra ere geurea da! Gaurko ekitaldia antolatzen ibili den taldeak aurreikusitako planari pausoz pauso ederto jarraitu diote partehartzaile guztiek eta, horri esker, dena primeran joan da. Arratsaldeko 18:00ak aldera auzoetatik abiatu dira hiru kalejirak eta, jarraian, Untzaga inguruan materiala banatzeko prest zeuden guneetan bakoitzak bere koloreko kamiseta eta txapela jaso ditu. Pazientzia eta umore handiarekin ibili da jendea ekitaldiaren amaiera ailegatu arte eta horrela, jai giroan eta antolatzaileek esandakoei kasu eginez, 20:00ak pasatuta lortu da Guinness errekorra. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izan da Untzagako beste aldean, eszenatokian ipinitako pantaila erraldoian. Ylenia Baglietto eta Haritz Lete aurkezleek uneoro gertatzen ari zenaren berri ematen ibili dira eta, tarteka, jendearekin elkarrizketak egin dituzte. Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiote parte hartu duten guztiei, baita gaurkoan errekorra gauzatzea posible egin dutenei ere. Zorionak eta eskerrik asko!

ARGAZKIAK GURE MEDIATEKAN IKUSGAI

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »