Munduan zehar dantzan

0    EibartHARTUak 
Ekhi
Munduan zehar dantzan
08 Eka
4:45

Milton Keynesen jaio zen Alice Wood. “Formula 1eko lasterketa egiten den zirkuitutik gertu dago eta ez dauka beste gauza interesgarriagorik. Biribilgune asko dago, hori bai”. Alicen bizitza ere biribilgune askotatik pasa da eta Formula 1eko autoek baino buelta gehiago eman ditu. 11 urterekin Guarora (Malaga) joan zen bizitzera; karrera Madrilen ikasi zuen, baina San Diegon (Kalifornia) egin zuen ikasturte bat; Madrilen amaitu eta gero Sitgesera (Katalunia) joan zen lanera; eta orain dela hilabete eta erdi Eibarrera etorri da. Hori bai, maitasun kontuengatik aspaldi ezagutzen du Eibar.

 

Milton Keynes utzi eta Malagara

Ia bizitza osoa Ingalaterratik kanpo egin du Alicek. Gurasoek bi pisu erosi zituzten Malagan eta beste pertsona baten esku utzi zuten etxeon kudeaketa, baina Alicen aitari Ingalaterran lana amaitu zitzaionean bizitza birplanteatu zuen familiak. Alabei beste hizkuntza bat emateko asmoz, Malagako etxeen kudeaketaz arduratzeko erabakia hartu zuen familiak eta Guarora joan ziren bizitzera. “Ez zuten Marbellan bizi nahi, etxeak zeuden tokian, baina handik hurbil egon nahi zuten gizarte espainolago batean integratzeko aukera ematen zuen herri batean”.

 

Ulermen arazoei barre

Guaro herri txikia izanik, aldaketa ez zen gogorra izan Alicerentzat. “12 lagun geunden klasean eta iritsi nintzenean nobedadea nintzen”. Ez zuen gazteleraz berba egiten eta lagunekin ikasi zuen. Momentu barregarriak sortzen ziren gaztelera ondo ikasi arte. “Lagunekin irten nintzen behin, baina ez nuen esaten zutena ulertzen. Eurek barre egiten zutenean, nik ere barre. Hurrengo egunean, institutuan, lagun batek esan zidan inori ez esateko atzo kontatu zidana. Ba ez, ez nion inori esan, ez nuelako esandakoa ulertu!”.

 

Photoshoparen deskubrimendua

Unibertsitateko ikasketak egiteko Guaro utzi eta Madrilera joan zen Alice. “Dantzen Zientzia izeneko karrera egin nuen, gaur egun existitzen ez dena”. Ikasturte bat San Diegon egin zuen eta, berriz ingelesez ikasteaz gain, bere karreran berebizikoa izan den erraminta bat ezagutu zuen: Photoshopa. “Madriletik Bartzelonara joan nintzen lanera eta marketingean lanean hasi nintzen: webguneen diseinuan, diseinu grafikoan…”. Cirque du Soleileko akrobata izan den Eva Sanchez Martzekin dantza ekoizpenean egin zuen lan Madrilen, besteak beste, eta Martz Bartzelonara joan zenean berarekin joan zen Alice.

 

Dantza egiteko nekatuta

Hainbat tokitan aldi berean lan egiten zuen lan Alicek. “Erreta amaitu nuen. 12 ordu lan egin eta gero, dantza egiten nuen. Momentu batean konturatu nintzen ez nuela aurrera egiten ez dantzan, ez lanean”. Dantza egiteari utzi zion, “zaletasun moduan bakarrik dantzan egiten jarraitu nuen”, eta marketingean zentratu zen. Orain, dantza akademia bila dabil Bilbo inguruan. “Bilbon egiten dut lan eta lanetik bueltan autobusean lo egiten dudanez, dantzarako gogo gutxi izaten dut”.

 

Eibarren bizitzen, azkenean

Aratzekin hasi nintzenean banekien Eibarren bizitzen amaituko nuela”. Aratz bere mutil-laguna da. Madrilen ezagutu zuten elkar 2010ean eta sarritan etorri da Eibarrera ordutik. “Jendea oso jatorra izan da beti nirekin hemen”. Alice toki askotan bizi izan da, “baina inon ez naute hemen bezain ondo hartu”. Ezin hobeto hasi du bizitza berria Eibarren.

 

 

“Stay hungry, stay young, stay foolish, stay curious, and above all, stay humble”

“Goseti egon, gazte iraun, inozo jarraitu, kuriosoa izan, eta batez ere, umil segitu”

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »