Ekolapiko Eguna hartuko du Urkizuko parkeak zapatuan

Ekolapiko Eguna hartuko du Urkizuko parkeak zapatuan
2017/10/06 eta kitto!
Debabarreneko VI. Aste Ekologikoaren egitarauaren barnean, Ekolapiko Egunaren lehen edizioa egingo da bihar (zapatua, urriak 7) Eibarren, Urkizuko parkean. Ekolapiko ekimenak egun osorako egitaraua prestatu du eta, antzerki eta jolasen bidez, elikadura osasuntsuaren eta ekologikoaren onurak azalduko zaizkie gerturatzen direnei. Eguerdiko 12:00etan, 13:00etan eta 17:00etan ‘Sukalde kontuak’ antzeztuko da. Lan honen bidez ikastetxeetako jangeletan bertako elikagaiak eta ekologikoak erabiltzeak haurrengan eta ingurumenarengan dituen onurak azalduko dituzte. Arratsaldeko 17:30ean, berriz, Ekolinpiadak izeneko jarduera izango da: haur eta gazteek jolas eta kirol ezberdinak egin ahal izango dituzte, horretarako gure baratzeetan aurki ditzakegun barazki eta elikagaiak erabiliz.
Bihar Eibarrek hartuko duen ekimena Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian egingo diren jardueretako lehena izango da: ondorengoak Amorebietan (urriak 12), Donostian (urriak 28, azaroak 18), Gernikan (urriak 28), Gasteizen (azaroak 4) eta Zarautzen (azaroak 11) izango dira.

IMG_3107