Eibar Business Market jardunaldiak egingo dira bihar eta etzi Teknikerren

Eibar Business Market jardunaldiak egingo dira bihar eta etzi Teknikerren
2018/02/07 eta kitto!
Ekintzaile eta inbertsoreen arteko topaketarako foroa antolatu du Eibarko Udalak, Debegesa, Tekniker eta Ekinguneren laguntasunarekin. Bihar eta etzi egingo dira Eibar Business Market izeneko jardunaldiak Teknikerren egoitzan eta ahalmen finantzario handiko inbertsoreak batuko dira bertan. Eibarko enpresa- eta ekintzaile-ehuna garatzea, eta herrira eta eskualdera enpresa-proiektuak erakartzea da ekimenaren helburu nagusia.

Eibar Business Market topaketa “ezinbesteko hitzordua izango da gure herrian edo inguruan finkatu nahi duten hemengo edo kanpoko enpresentzat eta profesionalentzat”, antolatzaileen berbetan. Bertako eta eskualdeko enpresa-sektorea sustatu, enplegua sortu eta inbertsore, startup (hasten edo eraikitzen ari diren enpresak) eta ekintzaileen artean Eibar topagune gisa kokatzea lortu nahi da egitasmo honekin.

Eibar Business Marketek lehen egunerako prestatu duen programa goizean (09:00ak aldera) hasi eta arratsaldeko 19:30ak aldera amaituko da eta, bien bitartean, hainbat hitzaldi, proiektu aurkezpen eta mahainguru egingo dira. Bigarren egunean, berriz, 09:30etatik 13:30etara izango dira hitzaldiak.

Programa osoa eta izena emateko orria eibarbusinessmarket.com helbidean eskuragarri daude. Informazio gehiagorako info@eibarbusinessmarket.eus helbidera idatzi daiteke.