El Twanguero-k Portalea musika klubean joko du domekan

El Twanguero-k Portalea musika klubean joko du domekan
2018, Urt 04

Iaz abiatu ziren Portaleako musika kontzertuak jarraipena izango du aurten ere eta, horrela, domeka honetan, urtarrilaren 7an, urteko programazioko lehen emanaldia izango da, El Twanguero gitarrajole eta musikariaren eskutik. Kontzertua arratsaldeko 19:30ean hasiko da eta bere neguko birako azken kontzertua eskainiko du Los Angelesera bueltatu aurretik. Askoren ustetan munduko gitarrajole onenetakoa da El Twanguero, aurretik Andres Calamaro, Santiago Auseron, Diego El Cigala, Fito Paez eta Enrique Bunbury bezalako artista handiekin jo eta grabatu duena.
Portalea musika klubaren programazioa irailean hasi zuten, Gaztelupeko Hotsaren laguntzarekin eta Eibarko Udaleko Kultura batzordeak zuen musika espazio berria sortzeko asmoari jarraituta. Kalitatezko emanaldiak dira antolatutako guztiak, askotariko estilokoak eta normalean inguruan entzuteko aukera gutxi izaten ditugunak. Rockanrolla, swing, soul, blues eta folk esparruak bere tokia dute hor eta jendearen erantzuna ere positiboa izan da, gehienetan aretoa beteta eta entzuleak, eserita edo zutik, baina dantzan eta txaloka.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »