Alejandro Cadenas (AGISAS elkartea): “Bideak Zabalduz elkarteak integratzeko eta euren lana ikustarazteko proiektua da”

Alejandro Cadenas (AGISAS elkartea): “Bideak Zabalduz elkarteak integratzeko eta euren lana ikustarazteko proiektua da”
04 Eka
1:13

Ekainaren 6an, 18:00etan, Gipuzkoako hainbat elkarte Portaleko areto nagusian izango dira, Hedatuz proiektuarekin, euren elkarteen zereginari eta premiei buruzko ikusentzunezko proiektuak eta laburmetraiak eibartarroi erakusteko. Laburmetraien aktoreak elkarte ezberdinetako kideak eta boluntarioak dira eta parte hartuko duten elkarteak hauexek izango dira: Katxalin bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako Gipuzkoako emakumeen elkartea; Bizi Bide Fibromialgia eta sentsibilitate kimiko multiplea dutenen elkartea; Gielmar Gipuzkoako elbarrien elkartea eta AGISAS Gipuzkoako gizarte integratzaile eta animatzaile sozio-kulturalen elkartea.

– Eibarren eta beste herri batzuetan “Hedatuz” izenarekin antolatu duzuen saioa “Bideak zabalduz”  proiektuaren barne dago. Zer da “Bideak zabalduz”?
Proiektu hau gure elkarteak, AGISAS-ek  gestionatzen du. Hau hirugarren urtean da eta Portalean ikusiko duguna aurreko urteko lanaren emaitza da. Esklusio sozialean dauden edo premia bereziak dituzten elkarteekin egiten dugu lan, eta proiektu honekin elkarte horiek bultzatu eta lagundu nahi ditugu. Urtero Gipuzkoako lau elkarte aukeratzen dira eta tailer desberdinak egiten ditugu eurekin.

– Tailer hauetan laburmetraiak egiten ikasteaz gain beste hainbat gauza ere lantzen dituzue.
Elkarte bakoitzarekin tailerrak egiten ditugu 3 hilabetetan zehar. Laburmetraiak egiten ikasten dute (gidoi literario eta gidoi teknikoa), baina, horretaz gain, euren errealitatea eta beharrei buruzko analisia egiten dugu, beti ere euren ikuspegitik. Esate baterako, Bizibidek bi lan aurkezten ditu. Lehenengoa elkarteari buruzko erreportaje bat da, eta bertan elkartearen nondik norakoak eta helburuak azaltzen dira; ondoren, laburmetrai baten bitartez, istorio bat kontatzen dute. Proiektuaren bitartez gauza asko lantzen dira: talde-lana, abilidade sozialak, kontsentsuan lan egitea, erabakiak hartzeko modua… eta oso garrantzitsua dena:  autoestimua. Amaieran, beti, genero-berdintasunari buruzko tailer bat egiten dugu, eta denon artean berdintasunari buruzko laburmetrai bat ere bai. Proiektu honetan garrantzitsuena da eurek egiten dutela, eurak dira protagonistak, eta  bizi duten esperientzia edo errealitateari buruz berba egitea oso onuragarria izaten da eurentzako.

– Jende askoren kolaborazioa izaten duzue eta urtero Donostiako Antzoki Zaharrean aurkezten dituzue zeuen lanak.
Aurtengo gala martxoaren 23an egin genuen. Ekitaldi potentea izaten da. Elkarte bakoitzak bere proiektua aurkezten du eta, prozesu horretan euren lanean ibili diren kolaboratzaileak egoten dira. Egindako lana horrelako ekitaldi ponposo batean aurkezteak garrantzi handia dauka eurentzako. Azken batean, proiektuaren  bidez elkarteek ikusgarritasun handia lortzen dute. Laburmetraietan Oscar Terol aktorea izaten dugu  kolaboratzaile moduan, eta esan beharrik ez dago horrelako kolaboratzaileen presentziak asko laguntzen duela jendea gure lanak ikustera etortzeko. Urtero Andoaingo Zine Eskolaren eta Donostiako Arte Eszenikoen Tailerraren laguntza izaten dugu.

– Portalean zer eskainiko duzue?
Elkarte bakoitzeko ordezkari bat egongo da gutxienez, eta aurkezpena egin ondoren euren laburmetraiak erakutsiko dituzte. Herritar eta eragile guztientzako zabalik dago ekitaldia, eta eskatzen dugun bakarra kolonia, lozio, krema edo bestelakorik ez eramatea da, sentsibilitate kimikoa daukatenentzat kaltegarria izan daiteke eta.

Gielmar eta Bizi bide

Genero-berdintasun tailerrean GIELMAR eta BIZI BIDE elkarteetako kideek hainbat kolaboratzailerekin ateratako argazkia.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »