Antonio Jimenez (Nagusilan): “Ez dago aktiboki zahartzen joatea bezalakorik”

0    Elkarrizketak 
Ana
Antonio  Jimenez  (Nagusilan):  “Ez  dago  aktiboki  zahartzen  joatea  bezalakorik”
23 Abe
9:45

Antonio Jimenez gazte etorri zen Andaluziatik,  19 urterekin, eta 84 egingo ditu hemendik gutxira. Bizitasun handiko gizona da eta, Correosen jubilatu eta gero, Roberto Etxabururekin sortu zuen Nagusilan gure herrian. Bera dugu gaur egun Eibarko taldearen arduradun nagusia eta ez dago egunik kale egingo dionik bera hainbeste betetzen duen egitekoari. Emazteak ere bizio bera du eta arratsaldero joaten da egoitzara, bertakoekin kartetan egitera. Jubilatzea ez da bere hiztegian sartzen. Bejondeiola!

– Hilaren 2an Eibarko Nagusilanek 20 urtetan egindako lanaren errekonozimendua jaso zenuten. Jendeak badaki gizarteari zelako ekarpena egiten diozuen?
Badaki hemen gaudela eta existitzen garela, baina gutxik ematen du hurrengo urratsa, hau da, gizartean gure beharra duten horiekin astero ordu gutxi batzuk partekatu. Atzo, kasualitatez, emakume gazte batek interesa erakutsi zuen eta ea animatzen den. Bestalde, erakundeek-eta badute egiten dugunaren berri, eman ziguten plakak ondo erakusten duen moduan. Eta adin nagusikoen familiek ere asko eskertzen digute egiten dugun ahalegina.

– Zenbat lagun zaudete orain taldean? Bolondres lana ez dago modan, ezta?
Hamasei gara, hasierako urteetan 26ra ere iritsi ginenean.  Eta, horrelako arloetako gehienetan gertatzen den moduan, emakumeak dira nagusi. Bataz besteko adina 70 urtetik gorakoa da. Egia da boluntariotzak ez duela sasoi onenak bizi: Gurutze Gorria, Caritas… erakunde asko dago jende faltan.

– Baina hona datorrenak gero gustora jarraitzen du. Beraz, abantailak zentzu bietan partekatzen dira.
Jakina, zuk ematen duzu, baina baita jaso ere. Ni egunero nator goizetan hona eta ezin zoriontsuago nabil. Hemen ikusten ditudan irribarreek guztiz betetzen naute. Gainera, zer eskatzen da ba? Bi ordu astero. Zer da hori? Badago jarrera bat ulertzen zaila dena: bat jubilatu eta `nik nahiko lan egin dut dagoeneko’ esan eta, hala, bizitza zure aurretik zelan pasatzen den  ikusten geratzea. Horrekin konformatzea ez dator bat ni naizen moduarekin.

– Zein eremutan egiten duzue lan batez ere?
Egogain gerontologia zentro honetan, San Andres egoitzan eta Garagunen. Eta gure zeregina bertakoei konpainia edota laguntza eskaintzea besterik ez da. Bizipenak elkarri kontatu, prentsako albisteak irakurri eta komentatu edo, beste barik, konpainia egitea da eskaintzen duguna. Jakina, tokatzen denean baita entzun ere, edota berriketa eta denborapasak egitera animatu. Ahal badugu erosketa, enkargu edota gestioak egiten ere laguntzen diegu.

– Ez zarete horretara bakarrik mugatzen. Eguraldi onarekin txangoak ere prestatzen dituzue, ezta?
Uda aldean Debara, Zumaiara eta Loiolara joaten gara, bai; baina guk ez dugu ezer antolatzen, guk kolaboratu egiten dugu. Zentroetako langile teknikariek gomendatzen digutenari jarraitzen diogu beti. Horregatik, edozein animatzen dela ere gurekin jardutera, jakin behar du langile teknikari horiek direla pertsona egokienekin harremanetan jarriko diotenak. Eta, garrantzitsuena dena, norbanakoek erabakitzen dute zenbat denbora duten elkarlanerako, astero bi ordu eskaintzetik hasita. Ez da nekerik hor!

– Zentroetan ere aktibitate ugari partekatzen dituzue…
Gaur, Santo Tomas eguna izanda, txistorra ez da faltako. Urtarrilaren 6a urteko egun politenetakoa izaten da: Errege Magoz mozorrotu eta solairuz-solairu ibiltzen gara, opariak banatu eta Gabon kantak abesten. Eguenetan, bestalde, San Andres egoitzan izaten naiz bingoa kantatzen. Ez dut aspertzeko astirik izaten eta euren kabuz ezin dutenei pasiatzera ateratzea modukorik ez dago. Nire urterik onenak lan honetan eman ditut eta hemendik atera ditut nire lagunik onenak ere.

– Zure moduan gozatzeko aukera eskaini beharko diezu besteei ere. Zer egin behar dute interesatuek?
943-820087 telefono zenbakira deitu, 11:00etatik 13:00etara, eta probatu. Oso gutxi eskatuko zaio eta asko jaso ahal izango du. Aktiboki zahartzea bizitzeko modurik onena da.

« »