Asier Garin (Lambretta Kluba): “Lambrettak Eibarren egin zirelako gara Lambretteroak”

0    Elkarrizketak 
Ana
Asier  Garin  (Lambretta  Kluba):  “Lambrettak  Eibarren  egin  zirelako  gara  Lambretteroak”
14 Uzt
11:56

Eibarko Lambretta Klubak XIV. Kontzentrazioa egingo du asteburuan. Motorraren gainean eta handik kanpo ere gozatzeko egitaraua prestatu du taldeak.  Gainera, Lambretta fabrika zegoen tokiaren parean dagoen oinezkoen babesguneari Lambretta izena  jartzea proposatu dio Udalari, “kanpotik datorren jendeak jakin dezan, Eibarko Lambrettetekin maiteminduta daudelako”. Klubeko kideek ere biziki maite dituzte  herrian egindako motorrak  eta pasioa erakusten dute bi
gurpilen gainean.

– San Kristobalgo ‘aldapa ezinezkoa’ igotzeko motorra prest?
Bai, denok daukagu motorra prest, nahiz eta Lambretta batek beti eman ahal dizun ezustekoren bat azken momentuan. Gainera, bizikleta baten aurkako erronka prestatu dugu, auzoko txirrindulari bat eta Lambretta bat nor baino nor. Berak bota digu erronka. ‘Aldapa ezinezkoa’ nork igoko duen azkarren jakiteko egingo da lehia. Edu Agirre izango da motorra gidatuko duena eta pentsatzen dut taldeko ordezkari egokiena dela horrelako zerbait egiteko.

– Zein modelokoa da zure Lambretta?
2. serieko TV 175 bat da, 1964koa. Ni ez naiz oso trebea mekanika kontuetan eta nire lagun batek zaharberritu zuen nire motorra. Bartzelonako aletegi batean botata aurkitu, lehiaketarako moduan berritu eta erosi egin nion. Zerbait gertatzen zaionean, deitu eta konpontzen dit. Orain dela 6-7 urte erosi nuen. Aurretik baneukan beste bat, Indiakoa, baina Eibarren Lambretta eibartarra eduki behar zela konturatu nintzen.

– Erronkaz gain, zer gehiago prestatu duzue asteburuko kontzentraziorako?
Zapatuan Untzagan batu eta kontzentrazioa egingo dugu lehenik. 90 lagun eta 70 motor inguru elkartuko garela pentsatzen dut. Bertan, Espainiako toki askotatik datozen Lambrettak ikusteko aukera egongo da. Gero, Eibartik ibiliko gara San Kristobalgo aldapara hurbildu aurretik. Erronkaren ostean 60 kilometro inguruko txangoa egin eta Azpeitian bazkaria egingo dugu. Bueltan, poteoa egin eta San Kristobalen gin-tonikak edaten amaituko dugu, baina motor barik ordurako. Domekan beste ibilbide bat egingo dugu kanpoko jendeari laguntzeko.

– Lambrettaren fabrika 1989an itxi zen Amurrion, baina Lambrettaren sukarrak bizirik jarraitzen du. Zergatik?
Klasikoen maitaleak garelako. Lambretteroak gara Lambrettak Eibarren egin zirelako. Kontuan izan behar da, gainera, gure kontzentrazioetan Lambrettak bakarrik egon daitezkeela, beste batzuetan mota askotako scooterrak onartzen dituzten bitartean. Lambretta eta Vespak elkartzen dira bilera horietan, eta hori Errealeko eta Athleticeko jendea batzea bezalakoa da.

– Lambretta batera igo zinen lehen aldia gogoratzen duzu?
Bai. Orduan ez nintzen motorzalea ere eta orain ez naiz motorretik jaisten. 125eko motor automatiko batean ibilia nintzen eta Lambrettek martxak ezkerreko eskuan zituztela harritu ninduen gehien. Gero, motorra abiatzeko pedala sakatu behar izateak ere harritu ninduen, ohikoa ez delako.

– Lambretta berriak fabrikatzen ari dira.
Bai, baina ez da gauza bera. Lambretta berriei ez diegu maitasun handirik, gu Eibarren egindako klasikoen aldekoak gara. Italian egindako bat eskaintzen badidate, ziurrenik ez nuke erosiko. Guk Eibarkoekin dugu obsesioa. Kontzentrazioan, adibidez, Markeskua pareko biribilgunean familia-argazkia ateratzea da gure asmoa, hor parean zegoelako Lambretta fabrika eta kanpotik datorren jendeari asko gustatzen zaiolako euren motorra non egin zen jakitea.

– Gasolina asko geratzen zaizue?
Bai, oraindik urte batzuetan jarraitzeko indarra daukagu, baina jende gaztea animatzea garrantzitsua izango litzateke.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »