Estitxu Garai: "Eibarren euskarari bultzada ematea da Guinness errekorrarekin aukeztuko den egitasmoaren muina”

Estitxu Garai: "Eibarren euskarari bultzada ematea da Guinness errekorrarekin aukeztuko den egitasmoaren muina”
2017/06/02 eta kitto!
Guinness errekorra egiteko erronkari heldu diogu eibartarrok, baina aurtengo San Juan jaiak hasteko asmoarekin
egingo den horren atzetik hilabeteotako lana dago eta hori koordinatzen ibili da Publizitate eta HHPPetan lizentziatua eta EHUko publizitate-irakaslea den Estitxu Garai. Lan hori nolakoa izan den jakiteko asmoarekin jo dugu berarengana.

- Ekainaren 22an egingo den ekitaldia egitasmo zabalago bat plazaratzeko erabiliko da. Zein da bada egitasmo hori?
Bai, euskarari bultzada berri  bat eman nahi zaio Eibarren, hori da egitasmoaren muina. Datozen urteetan haur eta gazte munduan jarri nahi da indarra, eta lanketa hori modu ezberdinean egin nahi da, estilo ezberdin batekin eta pertsona berriak aktibatuta. Ekainaren 22ko ekitaldia eta Guinnessarena jende asko batzeko bitarteko komunikatiboa da, bertan proiektua aurkeztu eta mezua plazaratzeko.
- Hau guztia prestatzeko prozesua nolakoa izan da? Zelakoa izan da azken hilabeteotan egin den lana?
Nirekin harremanetan jarri zirenean lan handia zegoen eginda. Eibarko euskararen plan estrategikoan diagnostikoa eta hurrengo urteetarako helburuak zehaztuta zeuden eta hori zen abiapuntua. Hala ere, hasieratik erakarri ninduen lantaldearen proposamenak: betikoa eginez gero emaitza zein den badakigu, zerbait berria nahi dugu, komunikazioa ardatz hartuta. Orduan hasi ginen asteroko dinamikan gaia lantzen. Lehenengo pausoa gaur egungo egoera zein den aztertzea izan zen eta gure komunikazio- helburuak finkatzea: zer lortu nahi dugun eta horretarako nori hitz egin behar diogun, zein estilotan eta zein mezurekin. Hori lantzeko asteroko dinamika batean sartu ginen, oso bizia eta intentsitate handikoa izan da. Proiektuaren filosofiari eutsita, jada proiektua eibartarren eskuetan dago; epe motzera lehenengo egitekoa jende berria inplikatzea zen, eta orain arteko emaitza oso ona izan da.
- Zuk zertan jardun duzu? Zein izan da zure ardura guzti honetan?
Aipatu dudanaren harira, marketinaren ikuspuntu estrategikoa txertatzea eta marka lanketan laguntzea, hori bideratzea; eta oro har komunikazioa planifikatzen laguntzea. Lehenengo pausoa gaur egungo egoera zein den aztertzea izan zen: nola ikusten dute eibartarrek euskararen aldeko mugimendua gaur egun? Hor barruan egon daitezkeen pertzepzio guztiak atera genituen, diskurtso autokonplazientean erori gabe. Eutsi beharreko elementu positibo asko agertzen zitzaizkigun, baina baita landu eta irauli beharreko alorrak ere. Esaterako euskalgintza eremu serio eta aspergarri moduan ikustea, jende superjantzi eta adituak osatutakoa, talde itxia eta dibertsitate gutxikoa, serioa, aspergarria… Plan estrategikoan ere agertzen zen barne mailan euskaltzaleak desanimatuta, ilusiorik gabe eta aurrera begirako erronka berrien premien zeudela. Horrekin apurtzea zen lana, eta ekimenari izaera apurtzailea, informala, herritarra, anitza, irekia, parte- hartzailea, positiboa, irabazlea ematea. Izenak berak hori guzti hori perfektuki adierazten du: AKEBAI. Apurtzailea zalantzarik gabe, inork ez duelako espero euskalgintzatik izen hori erabiltzea, gu izan garelako eta izango garelako “baietz” esan behar dela gogoratzen eta matraka ematen jarraituko dugunak; horregatik, hain zuzen, adierazten du ekimen ireki eta integratzailea dela, eta euskararen aldeko lan horretan guztiak behar ditugula. Beste elementu guztiak ere bazituen: informala, gazte hizkera, erronka, positibotasuna eta abar. Kaleko esapide okerrak marka moduan erabiltzea ez da kontu berria, nazio artean oso hedatuta dagoen kontua da. Hala ere, marka izenera mugatzen dela pentsatzen duena oso oker dabil, markagintza orain hasten da, izen horri ekimenak izan behar dituen ezaugarri guztiak eransten jarraitzean, eta hori ekainaren 22ra begirako mezuetan agerikoa izan behar da.
- Ibili zara beste inoiz horrelako egitasmoren batean lanean?
Bai, azken boladan euskararen markari lotuta zenbait proiektutan murgilduta nabil, bai unibertsitatean eta baita herrigintzako eragileekin ere. Euskalgintzan etengabe aipatzen da paradigma aldaketa baten aurrean gaudela eta diskurtso berriak behar dituela euskarak. Egoera Euskal Herri osokoa ere bada, eta Eibarren eman nahi den irtenbidea, gutxi asko, beste hainbat tokitan landu nahi den ikuspegia da, ilusioa, emozioa eta integrazioaren bidetik.
- Maila pertsonal zein profesionalean nola baloratzen duzu horrelako zerbaiten parte izateko aukera? Zeintzuk izan dira proiektu honetan topatu dituzun berezitasunak?
Nazio mailakoez gain, herri mailan ere izan dut proiektu txikietan parte hartzeko aukera, baina honek beste dimentsio bat du. Egia esan zaila da benetan ikuspuntu komunikatiboa hasieratik hain presente eta hain barneratua duen lantalde batekin topo egitea, eta kasu honetan nire lana oso erreza izan da. Orain arteko bideaz oso harro nago, eta plazer hutsa izan da horrelako pertsona inplikatu, positibo eta batez ere ausartekin topatzea. Egia esan, taldeak berak ilusio hori transmititu dit eta ni ere oso pozik nago horren parte izan naizelako.