Felix Elkoroiribe, Biztu elkartearen presidentea: “Jubilatu berriek beste gauza batzuen beharrak dituzte”

Felix Elkoroiribe, Biztu elkartearen presidentea: “Jubilatu berriek beste gauza batzuen beharrak dituzte”
2018/04/20 eta kitto!
Mugimendu handiko sasoia da jubilatuentzat. Nagusien Hamabostaldian buru-belarri sartuta ibili dira azken bi asteotan, kaleetan eta despatxuetan borroka eredugarria egiten dihardute pentsio duinen alde, eta erronka berriak dituzte etorkizunera begira. Etengabeko lan horren eredu da Felix Elkoroiribe Biztu elkartearen (Eibarko Jubilatu eta Pentsiodunen Koordinakundea) presidentea. Esku artean dituen hamaika kontuak eta bere kideen eskakizunak momentu batez utzi eta tartetxo bat eskaini digu.

 

- Jubilatzea atsedena hartzearekin lotzen da sarritan, baina zuen aktibitatea ikusita ez dago atsedenerako tarterik.

Nik behintzat ez dut atsedenerako tarterik eduki jubilatu nintzenetik. Gitarra klaseekin hasi nintzen jubilatu etxean, presidente izendatu ninduten eta zortzi urte daramatzat. Orain arte ez naiz gelditu, baina frenatu beharko nuke.

- Oraindik amaitzear badago ere, nola joan da aurtengo Nagusien Hamabostaldia? Nolako balorazioa egiten duzue?

Oso ondo irten da dena eta gure balorazioa ezin hobea da. Oñatiko txangora 88 lagun joan ginen, eta nahiz eta eguraldi txarra egin, irteera polita izan zen. Pello Arrosagaray Mendaroko Ospitaleko medikuak ‘Sexualitatea Pertsona Nagusiengan’ hitzaldia eskaini zuen joan den barixakuan eta ez zen jende asko etorri, baina oso hitzaldi interesgarria izan zen. Astelehenean, azken hilabeteotan egin ohi dugun moduan, pentsio duinen aldeko kontzentrazioa egin genuen; eta arratsaldean prozesu kognitiboei buruzko hitzaldi aparta eskaini zuen Javier Ruiz neurologoak Beheko Tokian. Nola ez, kartetan egin, eta toka eta igel-toka txapelketak ere jokatu ditugu. Arrateko bazkari eta omenaldiekin emango zaie amaiera jardunaldiei, baina orain arteko balorazioa oso ona da (gaur amaituko dira jardunaldiak eta elkarrizketa eguaztenean egin zen).

- ‘%0,25arekin ere, zaharrok gogor’ izan da aurtengo edizioaren goiburua. Zeintzuk dira zuen errebindikazioak?

Gure ustez pentsioen gaian ez dago eztabaida seriorik eta kongresura eraman behar dugu. Boterean gobernu bat edo beste egon, pentsioetan KPIaren araberako igoera bermatuta egon behar dela uste dugu. Pentsioak finkatzeko urrezko aukera izan zuten aurrekontuak zehazteko bildu zirenean, baina politikariei ez die batere ardura.

- Astelehenero irteten zarete kalera pentsio duinak aldarrikatzeko. Ekintza gehiago egitea pentsatzen duzue?

Maiatzaren 19rako manifestazioa prestatzen gabiltza, baina zehaztu beharra dago oraindik. Maiatzaren 17an aurrekontuen inguruko eztabaida egongo da Kongresuan eta guk eskualde mailako manifestazioa egin nahi dugu Eibarren.

- Borroka horretan beste belaunaldientzat eredu zaretela uste duzu?

Urtero pentsioen igoera bermatuko duen legea zehaztea guretzat garrantzitsua da, baina baita gure atzetik datozenentzat ere. Guk urte askoan kotizatu dugu eta gobernu batek esan zuen gure dirua ‘kaxa bakarrean’ kotizatu genuela. Zein ‘kaxa bakar’? Guk Madrilgo gobernuarentzat kotizatu dugu eta Konstituzioaren 50. artikuluan zehazten da pentsio duinak egongo direla eta balioa hartuko dutela KPIaren arabera. Non geratu da hori? ‘Kaxa bakarraren’ kontuarekin nahastu nahi gaituzte.

- Biztuko presidentea ere bazara. Zeintzuk dira zure ardurak?

Behin behineko kargua da. Izan ere, Eibarko Gizarte Diagnostikoa egin dugu Udalarekin elkarlanean eta Nagusien Hamabostaldia amaitzean bilduko gara diagnostikoaren emaitzak ikusita Bizturen funtzionamendua birplanteatzeko.

- Eibarren 65 urte gorako gero eta gehiago dagoela adierazi du diagnostikoak, besteak beste. Nagusien inguruan politika eta neurri berriak hartu beharko dira diagnostikoaren emaitzak ikusita?

Bai, nahita nahiez. Nik beti eredu bera jartzen dut: Bizturen eskaintza nagusia informatika ikastaroak dira, baina gaur egun jubilatzen direnek badituzte informatikaren inguruko ezagutzak. Gauza berrietara zabaldu behar dugu. Jubilatu berriek beste gauza batzuen beharrak dituzte eta ezin gara zaharkituak geratu, bidea egin behar dugu.