Gervasio Sánchez (kazetaria eta argazkilaria): “Gatazka armatuetan koldarkeria handia dago”

Gervasio Sánchez (kazetaria eta argazkilaria): “Gatazka armatuetan koldarkeria handia dago”
2017/06/02 09:16
eta kitto!
Kazetaritza egiten du Gervasio Sanchezek. Kazetaritza letra larriekin. 30 urte inguru daramatza munduko toki ilunetan gertatzen direnak kontatu eta irudietan islatzen, eta sari ospetsuak lortu ditu egindako lanagatik. Balkanetako gerrako basakeriak bere azalean bizi izan zituen eta Sarajevoko setioan jasandako sarraskiaren irudiak ekarri ditu Eibarrera. ‘Sarajevo guerra y paz’ erakusketa hartuko du udaletxeak ekainaren 18ra arte, guda eta bake sasoiko argazkiak alderatzen dituen esposizioa.

 

-Zer ikusi zenuen orain dela 25 urte Sarajevora iritsi zinenean?

Europar Batasunaren atzeko patioan gertatzen ari zen gerra basatia. Bizilagunak euren artean hiltzen ziren eta, horrelakoak gertatzen direnean, pertsonak are intoleranteagoak dira ezezagunekin baino.

-Antzeko egoerarik bizi izan zenuen aurretik?

Gatazketan esperientzia neukan, Latinoamerikan lan asko egin bainuen, baina ez zeukan zerikusirik Bosnian ikusitakoarekin. Nahiz eta El Salvador, Nikaragua eta Guatemalako gatazketako, edo Txileko eta Argentinako diktaduretako egoera odoltsua eta gogorra izan, nire ulertzeko gaitasunak gainezka egin zuen Balkanetako biolentziarekin. Nahiz eta beste hizkuntza batean berba egin, bosniarrek gure antza handia zeukaten maila kulturalean eta erdialdeko amerikarrak baino hurbilago sentitzen nituen zentzu horretan. Nik irakurtzen nituen idazle berak irakurtzen zituzten, niri gustatzen zaidan zinean gustatzen zitzaien eta entzuten nuen musika gustuko zuten. Beraz, bertan bizitakoa Erdialdeko Amerikan bizitakoa baino hurbilagoa iruditzen zitzaidan. Bizilagunak euren artean gizatasuna kentzen ikustea gogorra da. Hiltzaileak eta hildakoak ez dira gerretako protagonista bakarrak; bertan gertatzen dena isiltzen dutenak, beste toki batera begiratzen dutenak, nortzuk hil behar diren markatzen dituztenak, koldarrak orohar, protagonistak dira baita ere. Gatazka armatuetan koldarkeria handia dago gertatzen ari denari aurre egiteko orduan. Gizartearen zati handienak nahiago du isildu eta ezarritako gidoiari jarraitzea, besoa altxatu eta protestatzea baino.

-Erakusketan gerrako eta gaur eguneko argazkiak alderatzen dituzu. Zer aurkitu zenuen Sarajevora egindako bisita berri horretan?

90. hamarkadaz geroztik ia urtero bidaiatu du Balkanetara. ‘Vidas minadas’ eta ‘Desparecidos’ proiektuak ere Bosnian egin nituen, beraz, sarritan izan naiz bertan gerra armatua amaitu zenetik. Minek elbarritu zituztenekin, gorpuak hobitik ateratzen, gorpuzkiak identifikatzen, identifikatutako gorpuak familiei entregatzen... gerrako alde beliko eta gogorrena amaitu eta gero ere erlazioa mantendu dut Balkanekin. Zaragozako Setioaren 200. urteurrenagatik enkargua jaso eta horren harira gauzatu nuen ‘Sarajevo guerra y paz’ proiektua. Hiri setiatu bat omentzeko Sarajevo berriz fotografiatzea pentsatu nuen. Horretarako enkoadraketa eta toki berak bilatu nituen, eta lehen argazkiak txuri-beltzean baziren, orain koloretan atera nituen.

-Ibilbide luzea daukazu eta sari ospetsuak lortu dituzu kazetari eta argazkilari moduan. Zein ekarpen egiten saiatu zara?

Gizartearentzat garrantzitsua eta ezinbestekoa den zerbait, kazetaritza. Kazetaritza lantzen saiatu naiz eta hori ez da hain ohikoa. Kontuz. Publikatzen den guztia ez da kazetaritza. Publikatzen diren gauza asko nahasketen nahasketak dira eta sarritan kazetaritza-enpresen interes estrategikoei lotuta daude. Beraz, gaur egun gero eta zailagoa da hedabideetan kazetaritza ikuskatzea. Kazetaritza egiten saiatu nahiz beti, hau da, herritarrek gertatzen dena ulertzea, eta toki ezkutu eta ilunetan, gauza ezatseginak gertatzen diren tokietan, egiten dugun lanari esker gaiak sakon tratatzea. 15 edo 25 urteren ostean Sarajevora bueltatu, eta gerrako eta gaur eguneko bake egoera alderatzea, kazetaritza da; minek elbarritutakoen bizitza jarraitzea 20 urtetan zehar, kazetaritza da; gerrak eragindako gorpuak hobitik atera eta identifikatzea, kazetaritza da. Kontua da gutxi ikusten den kazetaritza dela, eta gaur egun are gutxiago.

-Kazetaritza lanbideak aldaketa asko bizi izan ditu 25 urtetan, baina gerrek jarraitzen dute.

Gerrek jarraitzen dute eta jarraituko dute. Negozio handia dira eta gatazkak hasten diren lehen minututik daude bertatik milaka kilometrotara negozioak egiten dituztenak. Ia beti aurkituko duzu zergatik hiltzen edo sufritzen ari den ez dakien jendea, baina milaka kilometrotara gerrak zein esanahi duen eta berarekin nolako negozioa egin daitekeen ondo dakien jendea egongo da. Inbertsioa, prestakuntza, eta kazetari espezializatuek eta ibilbide luzeena dutenek gazteak gidatzea behar du kazetaritzak. Hori gertatu ezean, urte batzuk barru kazetaritzarekin zerikusirik ez duen zerbait egingo da.

-Erakusketan gerraren markak ikusi daitezke, 25 urte geroago, eraikinetako paretetan. Zuri ere markak geratu zaizkizu?

Kazetariak protagonismotik urrundu behar garela uste dut. Argi dago gatazka gune batera zoazenean jasotzen dituzun inpaktuak iraunkorrak direla eta kalte egiten dizutela. Jota uzten zaituzte. Hala ere, zu bertara zoaz, nahi duzun denboran geratzen zara eta bueltan zatoz; gerra jasaten dutenak, ordea, han geratzen dira, behartuta, ihes egin ezinik, eta ihes egiten badute ere, ostikoka tratatzen dituzte gaur egun errefuxiatuen krisiarekin ikusten dugun moduan. Kazetarien lana zaila da, baina zailagoa da gerretako biktimen lana.

-Gerretako argazki ikonikoak daude, gertakizun historikoak kontatzen dituztenak, baina nahikoak dira?

Argazki, liburu, testu literario edo dokumental batek bizi dugun munduaren egoera aldatu dezakela pentsatzea inozoa da. Herritarrek egin behar dutena izugarrikeria hauen aurka mobilizatzea, gobernariei argibideak eskatzea, gobenariek gauzak serio hartzeko presioa egitea eta norberaren zilborrari ez begiratzea da. Gaztakek zuri eragiten ez badizute, kasurik ez egitea da normalena eta, horrela izanda, erabakiak hartzen dituztenek nahi dutena lortzen dute.