Iban García, youtuberra: “Dinamikoak izan behar dira Youtubeko bideoak”

Iban García, youtuberra: “Dinamikoak izan behar dira Youtubeko bideoak”
2017/10/20 eta kitto!
Gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz ‘Booktuber’ lehiaketa jarri dute martxan Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri Elkarteak. Ekimen honen bitartez Youtuben liburuei buruzko bideoak egiteko animatu nahi dituzte gazteak eta, bideo horiek egiteko, Iban Garcia youtuber azkoitiarraren aholkuak jaso zituzten hilaren 7an liburutegira hurbildu zirenek.

 

-Irakurtzea gustuko duzu?

Ez naiz oso irakurzalea. Eskolan bai irakurri ditut hainbat liburu, baina aisialdian ez dut irakurtzeko pasio handia izan. Teknologia munduan ibili naiz gehiago.

-Hala ere, zein motatako liburuak dituzu gustukoen?

Intrigazko liburuak batez ere, thriller puntu bat dutenak. Liburua irakurtzen hasten zarenean bigarren orrialdera pasatzera bultzatzen zaituztenak. Aspertzen nauten liburuak, tira, ez zaizkit gustatzen. Intriga eta abenturakoak izan behar dira nire gustukoak izateko.

-Hilaren 7an Portalean izan zinen ‘Booktuber’ lehiaketaren berri emateko eta herriko hainbat gazterekin egoteko aukera izan zenuen bertan. Nola joan zen ekitaldia?

Oso gustura izan nitzen, oso ondo pasa nuen. Liburutegian egon ginen, bi edo hiru koadrila etorri ziren eta oso ondo pasa genuen. 10 urteko lagun batzuk etorri ziren eta ilusio handia egin zidan. Izan ere, demaseko izarra izango banintz bezala etorri zitzaizkidan agurtzera. Besteak nagusiagoak ziren, 13 urte ingurukoak, eta egia esan ondo pasa genuen.

-Zer egin zenuten bertan?

Normalean Galtzagorri Elkartekoek lehiaketaren nondik norakoak azaltzen dituzte eta, gero, Youtuben bideoak praktikoki nola egiten diren azaltzen diet nik, irakurleei ‘Booktuber’ lehiaketarako bideoak egiten laguntzeko. Youtubeko bideoak egiteko ekipoa eraman nuen eta bideoak nola egin azaldu nien.

-Zein aholku eman ahal diezu lehen aldiz Youtuben bideoak egingo dituzten gazteei?

Nik beti gomendatzen diet pentsa dezatela eurak direla bideo hori Youtuben ikusten ari direnak. Imajina dezatela egiten ari diren bideoa ikusten ari direla eta ikusten ari direnarekin ez aspertzea lortu behar dutela. Bideoak dinamikoak izan behar dira. Liburuak ez dira oso interesgarriak izaten askorentzat eta hori lortu behar da, interesgarriak izaten lortzea.

-Youtuberako egiten dituzun bideoek 5 eta 10 minutu artean irauten dute, baina atzetik lan handia egongo da, ezta?

Bai, demasa. Bideoa ikusten duzu eta ondo dagoela iruditzen zaizu, gustura ikusten duzu eta ondo sartzen da, baina jakin behar da atzean ordu asko dagoela. Bideoa pentsatu, grabatu, argia prestatu, soinu egokia jarri, giroa zaindu... gauza asko dira. Askok ez diote horri erreparatzen, baina norbera horrelakoak egiten hasten den momentuan jabetzen da egin beharreko lan guztiaz.