Iker Etxebeste, Brew&Roll: “Sibaritagoak bihurtu gara garagardoa edateko orduan”

Iker Etxebeste, Brew&Roll: “Sibaritagoak bihurtu gara garagardoa edateko orduan”
2018/04/16 eta kitto!
Ale, stout, ipa, lager... Berba hauek ezezagunak egiten zaizkizu? ‘...eta kitto!’ Euskara Elkarteari esker berba honek ezagutu bakarrik ez, usaindu eta dastatzeko aukera ere izango duzu. Izan ere, apirilaren 25ean garagardo-dastaketa egingo da Ilunabarrian egitasmoaren barruan 19:00etan ‘...eta kitto!’-n (3 euro), eta mota horietako garagardoak aurkeztuko dituzte bertan Iker Etxebeste (Brew&Roll) eta Mikel Irazabalek (Baobeer).

 

- Nolako garagardoak dastatu ahal izan dira?

Bi urte daramagu Brew&Rollen eta denbora honetan gauza ezberdin asko egin ditugu. Besteak beste, hogeita hamar garagardo motatik gora landu ditugu. Oinarritik hasiko dugu garagardo dastaketa, eta poliki-poliki lupulu eta malta pixka bat gehiago jartzen joango gara gero. Horrela, mota askotako garagardoa probatuko ditugu, denetarik dastatzeko.

- Nola dastatu behar da garagardoa?

Euskal Herrian ardoa izan da edari nagusia kulturalki orain arte. Ardoa usaindu, ikusi eta dastatzeko ohitura hedatuta dago; garagardoa, ordea, edan bakarrik egin ohi da beste barik. Garagardoak ñabardura asko dauzka eta, ardoarekin egiten den bezala, usaindu eta dastatu egin daiteke bere gorputza, kolorea eta bestelako ezaugarriak aztertzeko. Garagardoa edateko prozesuaz berba egitea gehiegizkoa da agian, baina badaude garagardo-kata egiteko jarraitu ahal diren pauso batzuk eta horiek landuko ditugu garagardo-dastaketan.

- Artisau garagardoaren gorakada ikusi dugu azken urteotan. Zergatik uste duzu eman dela gorakada hau?

Amerikako Estatu Batuetatik lupuluaren moda etorri dela eta guk orain deskubritu dugula esango nuke. Garagardoaren mundua oso zabala da. Uste dut momentu honetan 135 garagardo mota ezberdin daudela. Garagardo ezberdinak probatzeko aukerak ematen dizu hainbeste garagardo-mota edukitzeak eta etengabe gauza berriak probatzen dagoen sektorea da. Bezero edo kontsumitzaile fidelak ditu garagardoaren sektoreak. Kontsumitzaileek gauza berriak probatu nahi dituzte eta horrek asko laguntzen digu garagardo-ekoizleei, esna egotera behartzen gaituztelako. Gainera, jende gazteak garagardo gehiago edaten du ardoa baino eta horrek nolabaiteko bultzada ematen digu.

- Hazten doan sektorea da garagardoarena. Kontsumitzaileak ere sibaritagoak dira?

Bai, duda barik. Lehen garagardoa eskatu, beste barik zerbitzatu eta edan egiten genuen. Beste freskagarri baten moduan. Orain beste gauza askori begiratzen diogu garagardoa edaterakoan. Adibidez, ez da zertan hotza edan behar, zapore eta aromak antzeman behar dituzulako eta horretarako tenperatura egokia behar delako. Zentzu horretan, esan daiteke sibaritagoak bihurtu garela garagardoa edateko orduan.

- Zuk, nahieran, nola nahiago duzu garagardoa edatea?

Garagardoa gustatzen zait eta edozein eratan edatea ondo dago niretzat. Nahieran, lagunekin edatea aukeratuko nuke, konpainia onean.