Ion Fiz, moda-diseinatzailea: “Asko gustatuko litzaidake Eibar KEren kamiseta eta traje ofiziala diseinatzea”

0    Elkarrizketak 
Ekhi
Ion  Fiz,  moda-diseinatzailea:  “Asko  gustatuko  litzaidake  Eibar  KEren  kamiseta  eta  traje  ofiziala  diseinatzea”
15 Abe
12:16

Armagintza Museoak dotore jantzita esango dio agur urteari. Hilaren 29ra arte Ion Fiz goi-mailako joskintzako diseinatzailearen lanak daude bertan ikusgai eta bere sorkuntzak erosteko aukera ere egongo da. Eibarren jaiotako moda-diseinatzailearen firmak hamabost urte bete ditu eta bere ibilbidearen zertzeladak ikusi ahal izango dira erakusketa honetan. Ion Fiz erreferentea da gaur egun goi-mailako joskintzan, baina aurrera begira gogor jarraitzen du lanean.

 

-Zer ikusi ahal izango dugu Armagintza Museoan jarri duzun erakusketan?

Moda eta diseinuaren munduan hamabost urte hauetan egin ditudan sorkuntzen zertzelada bat da museoan ikusi daitekeena. Josterako orduan erabili ditudan teknika ezberdinak kontenplatu daitezke. Gainera, nire lanetako batzuk erosteko aukera ere egongo da, ‘pop up’ (aldi baterako salmenta tokia) berezi bat dagoelako gizon, emakume eta umeen erroparekin arrazoizko prezioan.

-Irailean Bilboko Guggenheimen moda eta diseinuaren munduan bete dituzun hamabost urteengatik egindako desfilearen ostean, zer esan nahi du zuretzat zure lanak Eibarko museoan aurkeztea?

Etxera bueltatzea da. Nire lanak lehen aldiz Eibarren erakustea nire haurtzarora itzultzea da, nerabetasunera, jaio nintzen hirira.

-Armagintza Museoa Eibar iraganean izan denaren erakusle da. Modak beste kapitulu bat idatzi dezake gure hiriaren garapenean?

Bai, noski! Moda edozein hiriren ekosistemaren pieza bat gehiago da eta hori ere erakutsi beharra dagoela uste dut.

-Zer geratzen da 24 urterekin moda eta diseinuaren munduan bere marka sortu zuen mutiko hartatik?

Asko. Diseinatzerakoan eta prozesua sortzerako orduan 24 urte zituen mutil horren antzekoa naiz. Hori bai, patronaje eta tailerraren teknikari dagokionez ez dauka zerikusirik gaur eguneko gizonak orduko mutilarekin. Orain trebetasun arinagoa daukat.

-Modaren munduan etorkizun handiko diseinatzailea izatetik erreferente izatera pasa zara hamabost urte hauetan. Zer behar da bide hori egiteko?

Lana, pasioa eta disziplina. Zure lana gustuko duzunean ehuneko ehuna ematen duzu.

-Zaila da modaren mundua?

Oso konplexua da, baina beste arlo artistikoen moduan. Lan asko egin ezean, ez duzu arrakastarik lortuko.

-Zertan inspiratzen zara diseinatzerako orduan? Zure jatorriak eragina izaten du?

Artean, bidaietan, arkitekturan, musikan, naturan, nire jatorrian… dena da baliagarria inspirazioa lortzeko orduan.

-Goi-mailako joskintzako diseinatzaile moduan jardun duzu zure ibilbide profesionalean, baina Iberdrola eta McDonald’s-en jantziak ere egin dituzu, eta baita Nancy panpinen kolekzioa ere. Horrelakoak egiterako orduan zaila da txipa aldatzea edo ondo datorkizu dinamika aldatu eta aire freskoa hartzeko?

Erronka handia izan da niretzat horrelako lanak egitea eta asko gozatu dut. Gainera, urteak daramatzat konplementuak diseinatzen ere. Betaurrekoak, oinetakoak, bitxiak eta dekoratuak diseinatzen ditut. Bultzada eta aire freskoa hartzen dut horrelakoak egiterako orduan. Sortzea gustatzen zait.

-Jende ezagunak erabili izan ditu eta erabiltzen ditu zure sorkuntzak, baina zure jantziak oraindik eraman ez dituen nor jantzi nahiko zenuke?

Eibar Kirol Elkartearen kamiseta eta traje ofiziala diseinatzea asko gustatuko litzaidake.

-Zure firmak hamabost urte bete ditu, baina badoa hamaseigarrenaren bila. Zein erronka ditu aurrean Ion Fizek?

2018a proiektu berri askorekin etorriko da. Urtarrilean 2018/19 denboraldiko gizon eta emakumeen udazken eta neguko bildumak aurkeztuko ditut Madrilgo Mercedes Benz Fashion Week pasarelan. Kontatuko dizkizuet aurreragorako ditudan planak. Eta Eibarren berriz ere erakusketa bat egitea espero dut!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »