Iraia Muñoa, ikertzailea: “Gure gurasoen bizi ohiturek eragina daukate gure osasunean”

Iraia  Muñoa,  ikertzailea:  “Gure  gurasoen  bizi  ohiturek  eragina  daukate  gure  osasunean”
16 Abe
10:31

Belaunaldiz belaunaldiko oinordetza epigenetikoaren gainean tesia egiten dihardu Iraia Muñoa eibartarrak Leioako Medikuntza Fakultatean azken bi urteetan. Bartzelonan Bioteknologia ikasketak egin zituen eta, ondoren, masterra laguntza bidezko ugalketaren inguruan. Azken egunotan prentsa, irrati eta sare sozialetan izan dugu Iraia Muñoaren berri, Unibertsitateko tesiak dibulgatzeko Unibertsitatea.net atariak antolatzen duen “Txiotesia” lehiaketan saritua izan delako. Ikerlari eta zientzialarien lana hobeto ezagutzeko Iraiarekin egon gara.

– Lehiaketari esker izan dugu zure tesiaren berri. Hitz potoloak alde batera utzita, nola azalduko zeniguke tesiaren mamia?
Epigenetika terminoa orain dela hamarkada batzuk agertu zen. Laburbilduz, esan daiteke gure bizi ohiturek guregan eta gure osasunarengan eragina daukatela. Ez da berdina dieta garbi bat daraman pertsona edo lipidoetan dieta altua daramana, kirola egiten duena edo kirolik egiten ez duena… Farmakoak, tabakoa edo alkohola aldaketa epigenetikoak eragin ditzaketen beste faktore batzuk dira. Hau guztia gure DNA-n ikusten da, baina ez mutazioen bidez, gure DNA sekuentzia ez baita aldatzen;  ez da mutaziorik ematen guk kirol asko edo gutxi egiten dugulako. Gertatzen dena da molekula kimiko batzuk itsasten zaizkiola gure DNAri eta, ondorioz, geneen adierazpena beste modu batean erregulatzen dela.  Beste modu batean esanda, molekula kimiko horien bitartez gene horiek kontrolatzeko beste era bat ematen da eta gizabanakoen hainbat ezaugarritan aldeak sor daitezke. Beraz, DNAren mutazioek sortzen dituzten gaixotasunez gain, orain badakigu gure bizi-ohiturek eragindako aldaketa epigenetikoak ere gaixotasun askoren sortzaile direla. Aldaketa epigenetiko hauek, gainera, belaunaldiz belaunaldi pasa daitezke, hau da, molekula horiek gure ondorengoengana pasatzea gerta daiteke. Eta nire tesiaren bitartez, mekanismo epigenetikoak zeintzuk diren aztertzen nabil.

– Tesiaren bigarren urtea da. Nola iritsi zinen ikerkuntza mundura?
Bioteknologia ikasi nuenean nahiko karrera berria zen, ikasgai asko genituen (biorreaktoreak, industriara zuzendutako gaiak, bakterien inguruko kultiboak, terapia genikoa, mikrobiologia…). Enbriologia asko gustatu zitzaidan eta masterra laguntza bidezko ugalketaren inguruan egin nuen. Euskal Herrira bueltatzean, Unibertsitatean giza ugalkortasunari buruzko taldea bazegoela jakin nuen. Harremanetan jari nintzen eurekin eta proiektu honi buruz hitz egin zidaten. Oso gustora nago, teknika asko erabiltzeko eta gauza berri asko ikasteko aukera daukat. Oso mundu zabala da, eta lan asko dago egiteko esparru horretan.

– Zelan ikusten duzu ikerkuntza alorra Euskal Herriko Unibertsitatean?
Unibertsitateak daukan potentzial guztia bilduta, oso gauza interesgarriak ari dira egiten ikerkuntza arloan. Ikerkuntzan, beste alor batzuetan bezala, diru-laguntzak ezinbestekoak dira eta, azken urteetan, murrizketa mordoa egon da. Murriztu beharrean, bultzateko gauza bat dela uste dut.

– Lan horretan jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Oraindik, tesia amaitzeko bi urte falta zaizkit. Niri ikerkuntza asko gustatzen zait eta gustatuko litzaidake mundu horretan jarraitzea. Ez da erraza, baina hemen geratzea gustatuko litzaidake. Jende asko kanpora joaten da curriculuma betetzera, aukera gehiago daudelako.

– Twitterren kontua zabaldu zenuen Unibertsitatea.net atariak antolatutako lehiaketan parte hartzeko, eta irabazleetako bat izan zara.
Bai, sei txiotan tesia laburtu egin behar zen eta nik txio originalen atalean irabazi dut saria, zirkoaren simila erabiliz.  Sare sozialak ez ditut asko erabiltzen, baina gure lana dibulgatzeko modu ona iruditu zitzaidan. 50 parte-hartzaile inguru izan ditu lehiaketak. Uxoa Iñurrieta izan da txiolaririk ulergarriena, eta ni originalena. Lehiaketa hauekin pentsatzen duguna baino gauza gehiago lortzen da. Alde batetik gogoeta sakona egin behar duzu; egiten ari zarena jendeari modu ulergarrian eta laburrean azaltzea ez da bat ere erraza. Zure egunerokotasunetik pixka bat aldentzeko ere balio du, ikutu graziosoa emanez.  Beste alde batetik, dibulgazioaren kontua dago. Horrelako ekimenekin unibertsitatean egiten dena jendeari ezagutzera ematen zaio, eta guretzat  ere sarritan baliogarria izaten da, gure aldamenean daudenak zertan dabiltzan jakiteko. Eta gainera euskaraz. Unibertsitatean ingelesa da nagusi, eta euskera bultzatzeko ere ondo daude horrelako gauzak.

« »