Irati Yarza (Ipurua Gimnasia Erritmikoko taldekoa): "Garaipena errepikatzerakoan nire helburua betetzea lortu dut”
- 18 urte dituzu. Zenbat denbora daramazu gimnasia erritmikoa egiten eta lehiatzen?
Ama eta familia erdia Eibarkoa izan arren, Ermuan bizi gara eta Ermuko taldean hasi nintzen 7 urte inguru nituenean. 12 urterekin hasi nintzen Ipuruako taldearekin. 6 hilabete geroago federatu egin nintzen, taldeetan ibiltzeko. Orduan infantiletan nengoen eta kriston saltoa izan zen. Ez neukan flexibilitaterik ez ezer! Nahiko eskasa nintzen. Espainiako Txapelketara joan ginen jakin barik zer zen. Bi urte infantiletan, juniorretan urtebete... eta gero Lehenengo Kategoriara igo ninduten. 2 urte egin nituen lehenengo mailan, taldea desegin zen arte. Kategoria horretan Espainiako 12 talderik onenak egoten dira eta ia ezin nuen sinistu maila horretan nengoela. Ondoren senior + izatera jaitsi nintzen eta hortxe daramatzat bi urte, Euskadi mailan lehiatzen.
- Jarraitzeko asmorik daukazu?
Kirol hau 18-20 urtekin lagatzen da normalean eta batzuk pare bat urte gehiago egoten dira. Azkenean norberaren araberakoa da, bakoitzak zenbat denbora eskaintzen dion... Ni orain fisikoki lehen baino askoz hobeto nago. Adinarekin flexibilidadea galtzen duzu normalean, baina nik irabazi egin dut. Lehiaketetan urduri egotea normala da, baina orain ez daukat lehengo presioa. Ahal denik eta hobetoen egin eta ondo pasatzen dut. Batzutan lagatzekotan egon naiz, baina orain ez, aurrera jarraitzeko asmoa daukat.
- Gimnasiaz gain ikasketak ere hor daude. Zertan diharduzu?
Orain buru-belarri nago selektibitaterako prestatzen. Hurrengo ikasturtean Leioan kazetaritza ikasteko asmoa daukat. Ikasturte honetan Deustoko ikastetxe baten egon naiz kamara aurreko interpretazioa ikasten. Asko ikasi dut eta oso gustora egon naiz, nire txikitako ametsa aktore izatea izan da-eta.
- Pisua mantentzeko bereziki zaindu egin behar zara?
Nahi beste eta nahi dudana jaten dut. Entrenadoreak ez dit inoiz esan zaintzeko. Pentsa, betidanik, gabero esnea, kolakaoa eta 8 gaileta principe jaten ditut afaldu ondoren! Elikadurarekin zortea daukat.