Izaskun Alberdi, Silenei: “Diseinu soilak izatea gustatzen zait, minimalistak”

Izaskun Alberdi, Silenei: “Diseinu soilak izatea gustatzen zait, minimalistak”
2017/09/15 11:17
eta kitto!
Izaskun Alberdik beti izan du gustuko marraztea eta unibertsitatean biologia ikasi zuen. Silenei proiektuak arlo bi hauek batzen ditu. Naturaren inguruko bere marrazkiak telazko poltsetan islatzen ditu 26 urteko eibartarrak eta diseinu minimalistak eskaintzen ditu moda-osagarri egokiena gainean eramateko. Bere Facebookeko orrian ikusi daitezke produktuak eta sileneisilenei@gmail.com da bere posta elektronikoa.

 

-Nola sortu da Silenei?

Beti gustatu izan zait marraztea, etxean asko marrazten dut. Behin, nik egindako marrazki bat asko gustatu zitzaidan eta horrekin pare bat poltsa egitea pentsatu nuen. Poltsa non erosi nuen galdetu zidaten lagunek, oso polita zela, eta nik egindakoa zela esan nien. Orduan, lagun batzuk eskatu zidaten eurei ere poltsa bat egitea. Beste poltsa sorta bat egin eta jendeak galdetzen jarraitu zuen, beraz, zabaltzera eta proiektu hau sortzera animatu nintzen. Beti gustatu izan zaizkit diseinu arloko gauzak, jendeak eskuz landutakoak, gauza bereziak.

-Noiz hasi zinen proiektu honekin?

Nire poltsa urtarrilean egin nuen eta Facebookeko orria orain dela pare bat aste ireki nuen. Uda hasi aurretik egin nituen lagunen poltsak eta poltsa gehiago saldu nituen gero.

-Facebookeko orria ireki ondoren igarri duzu sare sozialen eragina?

Bai. Salmenta kopuruan asko ez, baina jende gehiagok ezagutzen du orain Silenei eta marka zabaltzen lagundu dit.

-Nolakoa izaten da poltsak sortzeko prozesua?

Lehenik, marrazkia eskuz egiten dut. Gero, ordenagailura pasatzen dut bertan editatzeko (kolorea eman eta abar). Eta azkenik, enpresa batera bidaltzen dut diseinua poltsan inprimatzeko. Beste alde batetik, etiketak egin eta poltsan plantxatzen ditut. Poltsen materiala eta forma aukeratzeko orduan ere aukera asko daude, baina nik eskuleku luzekoak erabiltzen ditut, erosoagoak direlako. Koloreari dagokionez, grisak eta beixak ditut, baina aukera gehiago dago. Diseinu soilak izatea gustatzen zait, minimalistak. Batzuk koloreak dituzte, beste batzuk beltzean doaz, baina poltsak moda-osagarriak direnez, ez dira oso diseinu kargatuak.

-Biologia ikasi duzu. Eragina izan du horrek proiektu honetan?

Bai, nire marrazki gehienek naturarekin zerikusia daukate. Animalia eta landareak gehien bat orain, baina denetarik landu nahi dut. Diseinu batzuk ditut orain, eta horiek saltzean diseinu berriak egin eta ateratzen joango naiz. Horrela, ezberdintasuna bilatu nahi dut, poltsa guztiak berdinak ez izatea.

-Poltsez gain beste produktu mota batzuk egiteko asmorik bai?

Bai. Jendea kamisetak eskatzen hasi zait, baina momentuz poltsekin jarraituko dut. Gero, pixkanaka gauza berrietan sartzen joateko asmo daukat.