Kafe bat kolonbiar batekin

Kafe bat kolonbiar batekin
09 Mar
5:16

Txikitoak zerbitzen berezko estiloa dauka Kolonbiatik etorritako mutil honek, eta atsegina izatea ere berezkoa du. Estaziño kalean ibiltzen diren txikiteroekin txantxetan eta barrez ikusi dezakegu Jesus David Rios uneoro, belaunaldi eta jaioterri guztiz ezberdineko pertsonen arteko topaketa alaian. Estaziño tabernan egon gara berarekin eta prestatu digun kafe gozoa hartu dugu. Kolonbiakoa ete da?

 

Josu edo Deivid

Calitik hurbil jaio zen Jesus David Rios, Yumbo izeneko herrian, baina oso gazte etorri zen Euskal Herrira. Kolonbiako landa girotik Donostiara pasa zen. “Txikia nintzenean jendea zaldi gainean ibiltzen zen kalean”, gogoratzen du Jesus Davidek. Edo Josuk, edo Deividek. Horrela deitzen diote han eta hemen, Kolonbia eta Euskal Herria uztartuz. Donostian, ostera, udaletxe aurrean dagoen karruselean bakarrik aurkitu zituen zaldiak.

 

Yumbo, bihurrikeriak egiteko tokia

Oroitzapen onak ditu Yumboren inguruan, “familia giroa nagusi zen”, baina bihurrikeriak egiteko tartea ere aurkitzen zuen Jesusek. “Lagunekin kalean ibiltzen nintzen ahal nuen gehienetan”. Oroitzapen onak, baina, ez da dira nahikoa Kolonbiara bizitzera bueltatu nahi izateko. “Han bizi den familiako bakarra amona da eta hona etortzen da aukera duenean, beraz, ez daukat hara joateko beharrik”. Euskal Herrian pasatu du bizitzaren zati handiena, baina bere jaioterria ere maite du. Etorkizuna, hala ere, hemen irudikatzen du. “Nire jaioterria barrenean daramat, baina bihurrikeriak egin nituen tokia bezala ikusten dut Kolonbia; Eibarren dago nire etxea”.

 

Bost urte amarengandik 8.500 kilometrotara

Amak lana zeukan Kolonbian, baina bizitza hobea nahi zuen Jesus eta arrebarentzat, eta maleta hartu zuen. “Bere ahizpa bat Donostian bizi zen eta hara joan zen andra nagusi bat zaintzera”. Jesusek lau urte besterik ez zituen eta amamaren kargu geratu zen Yumbon. Behin bueltatu zen ama Kolonbiara eta Jesusek bere amarekin egotea besterik ez zuen nahi. “Ez dakizu zein gogorra den amarengandik hainbeste denbora hain urrun bizitzea”. Euren zorionerako, seme-alabak ekarri ahal izan zituen amak Euskal Herrira.

 

Familiaren babesa eta beroa Eibarren

Donostiatik Madrilera joan zen Jesus, aita han bizi zelako, eta Espainiako hiriburuan urtebete egin eta gero Eibarrera etorri zen. “Hemen bizi da nire familia ia osoa eta garrantzitsua da euren babesa sentitzea”. Hala ere, etorri zen momentutik Euskal Herriak ondo hartu zuela aitortu digu Jesusek. “Ez naiz deseroso sentitu kanpokoa izateagatik eta hemengo jendearen jarreragatik gertatu da hori”.

 

Kolonbiaren irudi okerra

Jesusek Kolonbiako lehengusuekin berba egiten du hango egoeraren berri edukitzeko, baina bere burua ez dago han. “Ez dut nire jaioterriaz arnegatzen, baina oporretan bakarrik bueltatuko nintzateke”. Hala ere, Kolonbia herrialde zoragarria dela dio, “benetan ederra”, eta bertara joateko gonbidapena egin die eibartarrei. “Kolonbiaren irudi okerra dauka jendeak hemen, aurreiritziak nagusi dira”. Telesail eta aspaldiko irudiez haratago dagoen herrialdea aldarrikatzen du Jesusek. “Egunero bizimodua ateratzen duen jendeak egiten du Kolonbia”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »