Maria Luke eta Xandra Etxabe: “Konfidantzazko fisioterapeuta bat berehala aurkitzen laguntzen dugu”

Maria  Luke  eta  Xandra  Etxabe:  “Konfidantzazko  fisioterapeuta  bat  berehala  aurkitzen  laguntzen  dugu”
13 Ira
8:33

Uztailean jakin genuen Ekingunek antolatzen duen On Ekin enpresa ideia lehiaketako irabazleak Maria Luke eta Xandra Etxabe eibartarrak izan direla. Aurkeztu duten FIXME proiektuak premia duzunean konfidantzazko fisioterapeuta bat aurkitzen dizu, prezio onean eta berehala atenditzeko disponibilitatearekin. Proiektuaren sortzaileak Maria eta Xandra izan dira, baina orain eurekin batera beste bi gazte ekintzaile daude: Pablo Carmona eibartarra eta Pablo Docal bilbotarra.

– Nola funtzionatzen du zerbitzuak?
Dena online egin ahal izango da. www.fixme.es webgunean bezeroak esaten digu zein lekutan, egunetan eta ordutan behar duen fisioterapeuta bat, eta guk zerbitzu hori kontratatzeaz arduratzen gara, guk egiten dugu gestioa. Irailaren hasieran jarri dugu online zerbitzua, baina hau ez da azken bertsioa izango, plataforma garatzen ari gara eta zerbitzua gehiago automatizatzeko asmoa daukagu. Lana azkartu egingo da, baina harreman zuzena ez dugu galdu nahi eta bezeroak gurekin hitz egiteko aukera izaten jarraituko du, horrela nahi izanez gero.
– Non zabiltzate lanean?
Orain fisikoki Madrilen gaude, Google Campus-en. Google-eko programa batean sartu ginen eta euren bulegoetan garatzen dihardugu proiektua, euren laguntzarekin. Pila bat ikasten ari gara marketing digitalari buruz. Nahiz eta Madrilen egon, fisioterapia-klinikak Madrilen, Euskal Herrian eta Katalunian ditugu. Fisioterapeuta-sare bat sortuta daukagu eta plataforma berriarekin marketing kanpaina bat jarriko dugu martxan sarea handitzeko.
– Nolako onurak ditu plataformak?
Bezeroarentzako oso erosoa da, guk egiten dugulako gestio osoa. Bestetik, gure plataforma dohainik da fisioentzako. Zerbitzua kontratatzerakoan ordaintzen da; beraz, fisioak berdin kobratuko du, inoiz ez du galduko. Askotan pasatzen  da bezeroa ez dela agertzen eta fisioak dirua eta hitzordua galtzen duela. Fisioek daukaten arazo handi bat da: esate baterako Madrilen hilero % 50 galtzen dute bezeroek huts egiten dutelako.
– Zelan eman duzue ezagutzera zerbitzua?
(Maria): Entrenatzaile pertsonala naiz eta horretaz gain entrenatzaileei formakuntza ematen diet. Nire lana dela eta, fisioterapeuta askorekin daukat harremana eta horiek, aldi berean, kontaktu asko dauzkate beste fisioekin. Pazienteekin zaila da,  baina oraintxe gure bezero tipoa kirolariak direla uste dugu: kirolari ez profesionalek asko erabiltzen dute fisioterapia zerbitzua. Hortaz, Madrilen dauden kirol ekitaldietara joaten gara: stand bat jartzen dugu eta han kirolariak artatzen ditugu dohainik. Geure burua ezagutzera emateko modu bat da, eta gurekin lan egiten duten fisioterapeutentzako euren negozioak ezagutzera emateko era. Eibarren aurkezpen ekitaldi bat egin nahi dugu, eta Ekingunek eman digun saiarekin zer egin dugun erakutsi, kontatu genuen guztia errealitate bihurtu dela erakutsi, hain zuzen.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »