Marina, Ainitze eta Jone (Ipurua dantza garaikidea): “Coliseoko jaialdian …eta kitto!-ren ibilbidea isladatu nahi izan genuen”

Marina, Ainitze eta Jone (Ipurua dantza garaikidea): “Coliseoko jaialdian …eta kitto!-ren ibilbidea isladatu nahi izan genuen”
01 Mai
8:13

…eta kitto!-ren jaialdian dantzan ikusi genituen domekan Coliseo antzokian Ipurua Dantza Garaikide taldeko Jone Barandika, Marina Kruzelaegi eta Ainitze Bolinaga dantzariak. Aparteko ikuskizuna izan zen hirukotearena, eta txalo zaparrada itzela jaso zuten. Dantza euren bizitzaren parte bihurtu da. Marina eta Jone dantza irakasleak dira eta Ainitzeren kasuan, bere lanetik irtetzen denean dantza klaseetara joaten jarraitzen du. Domekan sekulako ilusioarekin eta indarrarekin ikusi genituen emozioz eta poztasunez beteta zegoen antzokian.

– Nola bizi izan zenuten igandeko jaialdia?
Guretzako ohore bat izan da …eta kitto!- ren jaian parte hartzea. Oso hunkigarria izan zen dena, oso polita, eta gu ere atzean oso emozionatuta egon ginen. Hori alde batetik, eta bestetik, eguna heldu arte ez genekien oso ondo zer aurkituko genuen, ze jende egongo zen… Zapatuan egin genuen entsaioan ohartu ginen sekulako montajea zegoela prestuta. Lan handia egin duzue, kristona! Ekialdia oso ondo egon zen, asko gustatu zitzaigun.

– Maila handiko aktuazioak ikusi genituen domekan, eta zuenak ere arrakasta izugarria izan zuen.
Gure dantza oso abstraktoa zen, eta oso urduri geunden jendeak nola hartuko zuen ez genekielako. Guk gauza oso desberdinak egiten ditugu, estilo desberdinak lantzen ditugu eta jendeak Coliseokoa ondo ulertuko zuen zen gure kezka nagusia. Jendeari asko gustatu zitzaiola dirudi eta oso pozik gaude horregatik. Gainera, publiko desberdina zen, normalean ikusten ez gaituen jendeak ikusi gintuen, eta hori ere oso inportantea da guretzako. – Indar eta espresibitate handiko dantza egin zenuten. Zer adierazi nahi zenuten? Aurreko urteko kurtso amaieran egin genuen dantza hau, baina …eta kitto!-ko gonbidapena jaso genuenean moldatu egin genuen erabat. Elkartearen nondik norakoak adierazi nahi genituen gure dantzarekin: sorrera (hasierako ideiak eta nahasmena), prozesua eta egindako bidea, bere gorabehera eta oztopo guztiekin, indarra eta aurrera egiteko nahia eta etorkizun amaigabea. Gauza asko adierazi nahi genituen eta hori zen gure ardura nagusia.

– Estetikoki ere, edertasun handiko lana izan zen: argiek eta musikak asko lagundu zuten eta plastikoak eta telak erabili zenituzten…
Erabili genituen plastikoak margolariek altzariak tapatzeko erabiltzen dituzten plastiko fin horietakoak izan ziren. Argiekin oso politak ikusten dira. Telak ere erabili genituen eta, nahiz eta taula gainean ez ikusi, gure taldeko beste kide batzuen laguntza izan genuen, adibidez, teletatik tira egiten zutenean.

– Egiten duzuenarekin benetan disfrutatzen duzuela ikusten da…
Asko gustatzen zaigu egiten duguna eta gu beti gaude prest horrelako ekitadietan parte hartzeko. Gaur iluntzean, esate baterako, Juanita Unzuetaren omenaldi jaialdian egongo gara. Laster kurtso amaierako ikuskizuna izango dugu eta ekainean, urtero legez, San Juan suan egongo gara ikuskizun berri batekin.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »