Mikel Baena, kazetaria: “Saiatuko naiz eibartarrei beste aukera informatibo bat ematen”

Mikel Baena, kazetaria: “Saiatuko naiz eibartarrei beste aukera informatibo bat ematen”
2017/12/04 eta kitto!
24 urte ditu baina bide luzea egin du dagoeneko kirol-kazetaritzaren munduan. Eibar KE-ren partiduak eman ditu Bigarren B mailan zegoenean; AS , Radio Euskadi eta beste hainbat tokitan ikusi dugu; eta Radio Marca Eibar (100.8 FM edo radiomarcaeibar.com) zuzentzeko ardura hartu berri du. Berea bokazio-lana da kazetaritza eta Eibar KE-ren olatua hartuta erronka erakargarriari heldu dio.

 

-Radio Marca Eibarren etapa berria zuzenduko duzu. Nolako erronka izango da zuretzat?

Erronka polita. Gaztea izanda, irratia nik bakarrik aurrera ateratzea aukera ona da. Nirekin ikasi zuen kazetari asko lan gabe dago eta aukera hau edukitzea pozgarria da.

-Nola sortu zitzaizun Radio Marca Eibar zuzentzeko aukera?

Karrera amaitu nuenenean zazpi hilabete egon nintzen Radio Euskadin superbekario moduan eta, gero, Alberto Negro Radio Euskadiko kirol arloko buruak esan zidan Nika Cuencak jendea behar zuela AS egunkarirako Eibarren. Eibar KE-ri buruzko informazioa lantzen hasi nintzen AS-en eta kazetari asko ezagutzeko aukera eduki nuen, tartean Borja Rodriguez. Radio Marcan astean behin Eibarko kirolari buruzko atala egitea eskaini zidan eta horrela ikasi nuen irrati-mahaiarekin lan egiten. Bi hilabete eta gero utzi egin nuen, baina Borjak bere tokia utzi berri du eta berak utzitako lekua hartzea eskaini dit. Orduan, ekipoa erosi diot eta proiektu berria hasi dut.

-Programazioan berritasunik sartzeko asmoa daukazu?

Borjaren ildotik jarraitzea da nire ideia. Radio Marca izanik, kirola izango da gai nagusia, baina herriko kontuak ere jorratuko ditut. Udalarekin berba egiten ari naiz eta noizean behin alkatea etorriko da hainbat galdera erantzutera. Daukan pisua kontuan hartuta, Eibar KE-ri buruz jardungo dut denbora gehienean, baina astean behin beste kirolei buruz berba egiteko programa bat egingo dut. Hiriari buruzko tertuliak ere egingo ditut eta ikusiko dut zer egin daitekeen aurrerago, oraindik lehen astea delako proiektu berri honentzat. Eibarko biztanleriari beste aukera informatibo bat ematen saiatuko naiz eta hori berri ona dela deritzot, batez ere kazetaritzaren egoera kontutan izanda.

-Beti nahi izan duzu irratian lan egin?

Bai, nire ametsa beti izan da kazetari moduan lan egitea, irratian batipat. Gauero entzuten dut irratia, horrela geratzen naiz lo. 2-3 urterekin, adibidez, gurasoekin kalera irteten nintzenean, tabernetako egunkariak hartzen nituen irakurtzeko. AS egunkaria izaten zen gainera, eta gero hor idazten amaitu dut! Ia oinez ibiltzen hasi baino lehenago ikasi nuen irakurtzen. Kirola ere beti izan dut gustoko eta Eibar KE lehen mailan ibili izana aprobetxatu dut. AS-en idazteagatik jende gehiagok ezagutzen nau Espainia mailan eta orain bi urterako konpromezua hartu dut Radio Marca Eibarrekin.

-Irratia zaharra da eta ‘hiltzear’ zela esaten zen, baina bizi-bizirik dago. Zein da bidea?

Gaztea izanda irratiaren aldeko apostua egin dut eta horrek zerbait esan nahi du. Irratiak bizitza dauka, agian ez modu konbentzionalean, digitalizaziora jotzen delako, baina asko entzuten da.

-Euskarak tokia izango du Radio Marca Eibarren?

Oraingoz gazteleraz egiten dugu, baina etorkizunean euskaraz aritzea aztertuko dugu, nahiz eta Radio Marca izanik zaila izan.