Mikel Erentxun, abeslaria: “Inspirazioa esnatzen da gaizki pasatzen ari zaren momentuetan”

Mikel Erentxun, abeslaria: “Inspirazioa esnatzen da gaizki pasatzen ari zaren momentuetan”
2017/10/20 eta kitto!
Musikaren munduan 32 urte bete eta gero, Mikel Erentxunek ez du aurkezpenik behar. Duncan Dhu-rekin zein bakarka arrakasta lortu ostean, musikari donostiarrak olatuaren gandorrean jarraitzen du azken urte bietan rock album onenaren Grammy saria jasotzeko izendapena jaso ostean. Hilaren 31an 22:00etan kontzertua eskainiko du Coliseoan.

 

-‘El hombre sin sombra’ da zure azken diskoa eta izenaz haratago distira egiten duen lana da, Grammy saria lortzeko izendapenak erakusten duen moduan. Lan hobeak sortzen dira bihozmin eta desamodiotik?

Niri gutxienez errazago egiten zait horrela. Terapia egiteko balio izateaz gain, inspirazioa esnatzen da gaizki pasatzen ari zaren momentuetan.

-Oso ibilbide luzea egin duzu musikaren munduan. Nola ekidin duzu itzalean geratzea?

Nire kasuan pertseberantzia kontua izan dela esango nuke, lanean daukadan jarraitutasuna eta ilusioa. Ez dut argia inoiz galtzen eta beti nago lanean. Inoiz ez naiz nire ofizioaz aspertu. Hori beharrezkoa da. Lan bakoitza ilusio handiz bideratu dut. Ia etengabeko 32 urte izan dira, inoiz ez dut geldialdirik egin, ia urtero ibili naiz biran eta 26 disko atera ditut. Azkenean beti zaude hor. Ez beti modu berean, batzuetan goian eta besteetan ez hain goian, gora eta behera, baina beti hor. Uste dut hori dela egin dudan gauzarik onena edo harro sentiarazten nauena, nire karrerak izan duen jarraitutasuna eta koherentzia, bai Duncan Dhu-rekin bai bakarka.

-Azaroan banatuko dira Grammy sariak Las Vegasen. Irabazteko itxaropenekin?

Saria lortzeko izendatua izana saria da niretzat. Gainera, bigarrena da, aurreko diskoarekin ere izendapen bera jaso nuelako. Beraz, gauzak ondo egiten ari naizen ziurtapena da hori. Izendapen hauek 50 urterekin heldu izanak harro sentiarazten nau. Horrek esan nahi du nire karrera, gutxienez sormenaren aldetik, egoera onean dagoela, ohikoena alderantziz izaten denean. Karrera luzeek beheranzko joera izaten dute eta musikarien hasierak gogoratzen dira. Nire kasuan, ordea, alderantziz gertatzen ari da eta orain etorri zaizkit esker onak. Ilusio handiz heltzen diot horri.

-Azken diskoa zure gustu musikalen eta sentimendu pertsonalen erretratu fidela dela diozu. Zure disko intimoena da?

Bai. Niri buruz eta maitasunaren inguruan sentitzen dudanaz berba egiten duelako. Nire kasuan, iraupen luzeko bikotearekin izandako maitasun istorioaz. Nire sentimenduak biluzten ditut disko horretan. Musikalki ere disko akustikoagoa da, barnekoia, minimalistagoa, eta aurreko albumarekin alderatuz ez da hain barrokoa. Intimoa da, baina rock&roll diskoa era berean.

-Eibarko kontzertua ere intimoa izango da?

Denetarik egongo da. Kontzertu akustikoa izango da, bateriarekin, eta dinamikoa. Momentu barnekoiak eta dibertigarriak izango ditu. Azken diskoa errepasatuko dugu, markatu nauten abestiak albo batera utzi gabe.