Mikel Rodriguez Alberdi eta Maria de Jesus: ”Gure lehen film laburra izateko oso ondo geratu zaigulakoan gaude”

Mikel Rodriguez Alberdi eta Maria de Jesus: ”Gure lehen film laburra izateko oso ondo geratu zaigulakoan gaude”
2016/11/11 eta kitto!
Aste honetan, astelehenetik barixakura, “Asier Errasti” Eibarko Film Laburren jaialdian aurkeztutako lanen artean egindako selekzio bat eskaintzen dihardute Coliseo Antzokian. Aurtengoa 17. edizioa da eta bihar, zapatua, emango dira ezagutzera irabazleen izenak. Martitzenean Mikel Rodriguez Alberdi eibartarrak aurkeztutako “Fase REM” filmaren txanda izan zen. 24 urteko gazteak 5 minutu inguruko iraupena duen lana egin du, Maria de Jesus bere bikotekide azpeitiarrarekin batera. Mundu honetan hasi berriak izan arren, esperientzia polita izan dela diote, filmak egiten jarraitzeko asmoa azaltzeaz gain.

- Hauxe da zuen lehen film laburra. Nondik datorkizue zaletasuna?
Mikel: Niri beti gustatu zait zine mundua. Aldatzen ikasi ondoren, Elgoibarren Gestio Administratiboko moduloa egin nuen. Bilbon bizi gara orain. Ni oposaketak prestatzen nabil eta Mariak Magisteritza ikasten.  Youtuben tutorialak eta bideoak ikusten gidoiak nola egin ikasi nuen eta baditut nik idatzitako gidoiak gordeta. Euskal Herriko Zine Eskolan film laburrei buruzko ikastaro bat egin nuen. Gogoa genuen zerbait egiteko baina denborarik ez, eta, azkenean, udan gidoia prestatzen hasi ginen. Irailean, hiru egunetan grabatu genuen dena. Oso baliabide gutxi izan ditugu: mugikor on batekin grabatu dugu dena, mikrofono bat eta lente batzuk erosi genituen, besterik ez.

- Zer kontatzen duzue filmean?
Maria: Bikote baten maitasun istorioa da. Ni naiz protagonista eta istorio bat kontatzen dut. Eszena motzak eta independienteak dira eta amaierako eszenak ematen die lotura aurreko guztiei. Jendearen bila ibili ginen baina ez zen inor animatu kamara aurrean agertzeko. Bakioko eszenan lagun baten laguntza izan genuen baina, azkenean bion artean egin dugu lan guztia kamararen aurrean eta atzean: interpretatu, zuzendu, musika jarri (pianoa nik jotzen dut), gidoia egin... Eibarren, Azpeitian eta Bakion grabatu genuen. San Juan de Gaztelugatxen ere egon ginen, biok selfie-makila batekin autograbatzen.

- Pozik zaudete emaitzarekin?
Maria: Lehen aldia izateko, bi pertsona bakarrik eta hain baliabide gutxirekin, esan beharra dago oso ondo irten zaigula. Herri mailako kategorian bi talde aurkeztu gara lehiaketara, eta zaila bada ere, zergatik ez, irabazteko esperantza daukagu.Ilusioarekin egin dugun zerbait da. Aurkeztutako 111 lanen artean 40 inguru aukeratu dituzte, eta gurea horien artean dago.
Mikel: Orain amaitu berri dugun beste film labur bat Gaztezuloko bideo lehiaketan aurkeztuko dugu eta nire ilobekin grabatu dugu; mutua da, zuribeltzezkoa eta pobreziari buruzkoa. Gai hau umeekin landu nahi izan dugu. Honetan ere Mariak pianoa jotzen du. Eibarren eta Euskadi mailan egongo da jendea gauzak egiteko gogoarekin eta guk gazte guztiak animatu nahi ditugu gauzak egiteko.