Miren Baranguan: “Beste inguru berri bat ezagutzeko aukera ematen dizu Txalan Txalan-ek”

Miren Baranguan: “Beste inguru berri bat ezagutzeko aukera ematen dizu Txalan Txalan-ek”
2017/09/29 eta kitto!
Txalan Txalan egitasmoak ateak ireki dizkie hizkuntza, kultura, jatorri eta ohitura guztietako eibartarrei berriz ere. Eibarko bizilagunen arteko harremana sustatzeko helburuarekin sortutako ekimena da. Udaberrian egin zen proba pilotuaren balorazio positiboa jaso eta gero, ikasturte osoa iraungo duen edizioa aurkeztu du ...eta kitto! Euskara Elkarteak. Urriaren 5era arte eman daiteke izena ongietorri@etakitto.eus helbidera idatzita, 943200918 telefonora deituta edo ...eta kitto!-ren egoitzan (Urkizu 11, solairuartea).

 

-Txalan Txalan-en izena eman nahi duenak baldintzaren bat bete behar du?

Edozeinek hartu dezake parte egitasmoan. Hizkuntzak praktikatu eta herriko beste kulturak ezagutzeko interesa dutenentzako.

-Euskara jakin behar da parte hartzeko?

Ez. Euskara praktikatu edo euskarara hurbiltzea da helburua. Hizkuntza trukaketa hainbat modutan eman daiteke. Adibidez, nik ingelesa dakit eta nire bikote linguistikoarekin ingelesa praktikatzen dut, baina ez dakit euskaraz, nahiz eta euskarara hurbildu nahi dudan. Beraz, gaztelera erabiliko dut, horren bitartez euskal kultura eta hizkuntzara gerturatzeko.

-Nola osatzen dira bikoteak?

Batetik, parte hartzaileen ordutegiak aintzat hartzen ditugu, logistika kontuagatik. Eta bestetik, praktikatu nahi dituzten hizkuntzak eta ezagutu nahi dituzten kulturak zeintzuk diren ere kontua hartzen ditugu. Adina eta zaletasunak ere kontuan izaten ditugu: mendira joatea, kafea hartzea, zinea, pasiatzea, etab. Iaz, adibidez, hizkuntzak praktikatu nahi zituztenak zeuden eta atzerritik Eibarrera etorri den bere adineko jendea ezagutu nahi zuten beste batzuk, orain arte euren inguruan aukerarik izan ez dutelako. Askotan hori da zailena, zure errutinaren barruan zaudelako, zure lagun taldearekin, eroso. Egitasmo honek beste inguru berri bat ezagutzeko aukera ematen dizu, eta beste hizkuntza batzuk praktikatu dezakezu jende berria ezagutuz.

-Norbaiti lotsa ematen badio edo lagun batekin joan nahi badu, bikoteak beharrean hirukote edo laukoteak sortu ahal dira?

Bikote linguistikoak bezala izendatu ditugu, baina proba pilotua egin genuenean jende gehiagorekin ekintzak egiteko proposamena irten zen. Lotsatia bazara edo isiluneak badaude, dinamikoagoa izateko. Orduan, edizio honetan, bi hilabetetik behin, Berbetan egitasmoaren barruan egingo diren munduko janari tailerretan parte hartu ahal izango dute Txalan Txalan-ekoek. Bestetik, Bizilagunak ekimena egingo da azaroan, eta bikote linguistikoak urrian hasiko direnez, beste jende batekin bazkaldu eta harremana egiteko aitzakia bezala erabili nahi dugu. Txalan Txalan-ekoak Berbetan-eko ekintzetara etortzea nahi dugu, ingurua handitzeko. Ekintza osagarriak, tailerrak, irteerak... egin nahi ditugu hilabetero. Bestela ere, ni ere hor egoten naiz hasieran eta, dena den, ekimena irekia da eta lagun edo ezagunak batu daitezke bileretara.

-Nolakoak izaten dira bikote linguistikoen arteko topaketak?

Ordu eta erdiko topaketak izatea dago zehaztuta, baina bikoteen araberakoa izango da iraupena. Hasieran pertsona bakoitzarekin elkartzen naiz eta profilen arabera bikoteak osatzen ditugu. Gero, bikoteen lehen topaketara ni ere joaten naiz, aurkezpenak egin, eurekin egon eta harremana martxan jartzeko. Batzuk  euren kabuz moldatzen dira lehen momentutik. Azken finean, lagun batzuen arteko harremanean egiten diren gauzak egin ditzakete. Bestela ere, edozein momentutan nirekin harremanetan jarri daitezke dinamika edo gai ezberdinei buruz proposamenak jasotzeko.