Nagore Cabanzon eta Alex Davies: "Sanjuanetako danborrada txikian saxofoia jotzen ibili gara"

Nagore Cabanzon eta Alex Davies: "Sanjuanetako danborrada txikian saxofoia jotzen ibili gara"
2017/07/14 eta kitto!
Eibarko Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako ikasleak dira Nagore eta Alex. Nagorek 16 urte ditu eta Alexek aurten beteko ditu. Musikak leku garrantzitsua betetzen du euren bizitzetan. Aspaldiko lagunak dira; izan ere, elkarrekin joaten dira saxofoi klaseetara. Sanjuanetan saxofoia jotzen ikusi ditugu herriko kaleetan. Ustekabe fanfarrearekin batera aritu dira Haurren Danborradan.

- Ustekabekoekin ikusi zaituztegu jaietan saxofoia jotzen, baina ez da lehenengo urtea izan, ezta?
Urteak daramatzagu saxofoia ikasten, 8 urte inguru. Elkarrekin joaten gara klaseetara. Iñaki gure irakasleak orain dela hiru edo lau urte proposatu zigun Ustekaberekin haurren  danborradan jotzea. Entsaiatzen hasi ginen, gustatu zitzaigun eta urtero irtetzen jarraitzen dugu. Ustekabekoek urteak daramatzate musika eskolako ikasleak eurekin eramaten danborrada txikian. Aurten gu biok eta gu baino gazteagoak diren Jon Telleria eta Ander Gallastegi egon gara.

- Saxofoiaz gain, musikarekin lotutako beste zeozer egiten duzue?
Alex: Saxofoiaz aparte baxua ikasten dihardut eta musika eskolako talde batean jotzen dut instrumentu hori. Taldearen izena JEISA da (izenarekin ez gara ados jartzen eta aldatzen ibiltzen gara). Sanjuanak aurretik Txaltxa Zelaiko auditorioan jotzen ibili ginen.
Nagore: Nik, saxofoia ikasteaz gain, Eibarko Koru Gaztean abesten dut. Eta dantza ere egiten dut Ipurua Dantza Taldean. Irailean Koruak berriro musikala egingo du. Koruko batzuk kanpora joan behar dira ikastera  eta ezingo dute jarraitu, beraz musikalerako gauza batzuk aldatu behar ditugu.

- Kalean jotzen duzuenean, gustora ibiltzen zarate orduan?
Oso gustora ibili gara. Kalean eta jende aurrean jotzeak animatu egiten zaitu. Azkenean hainbeste urte instrumentua ikasten eta bakarrik gurasoen aurrean jotzen... Kalera irtetea ikasteko beste modu bat da, beti ikasten duzu zerbait. Gainera, talde batek babestuta egoteak lasaitasuna ematen dizu; nekatuta zaudenean atsedenalditxo bat hartu dezakezu eta ez da ezer gertatzen.

- Nolako aukerak ditu saxofoiak?
Aukera asko ditu. Rock eta pop taldeetan azken aldian sarri entzuten ari den instrumentua da. Adibide modura, hor ditugu Ariana Granderen “Problem” edo Moldaviatik Sunstroke Project-ek Eurovisionera bi aldiz eraman dituen proposamenak. Bera, ez da blues eta jazz estiloetan bakarrik gelditzen.