Odei Jainaga, xabalina jaurtitzailea: “80 metrotik pasatzea lortuko banu, jendea ez litzateke harrituko”

Odei Jainaga, xabalina jaurtitzailea: “80 metrotik pasatzea lortuko banu, jendea ez litzateke harrituko”
2018, Urt 12

Nekez ahaztuko du Odei Jainagak 2017 urtea. Bere ibilbidean goranzko jauzi handiak eman ditu eta Espainiako xabalina txapelduna bilakatu da, besteak beste. Baina kirolari eibartarrak gorago begiratzen du. Eibarko Kirol Sarien Sari Berezia jaso ostean, 80 metrotara jaurti nahi du xabalina eta Europako Txapelketan parte hartu nahi du aurten. Anbizio handiko kirolaria, xabalinaren historian toki bat egiteko gai ikusten du bere burua. Lana, behintzat, egingo du.

 

-Toki onean kokatu duzu Eibarko Kirol Sarien 2017ko Sari Berezia?

Etxeko sarreran daukat jarrita, aurkitu nuen lehen tokian (barreak).

-Hasi zara etxean sariak pilatzen?

…eta kitto!-k emandakoa izan da jaso dudan lehen saria egia esan. Badaukat besteren bat, baina ez atletismokoa. Domina batzuk nire gurasoen logelan dagoen egurrezko itsasontzi antzeko baten eskegita.

-Zein sentsazio utzi dizu 2017ak?

Oso urte ona izan da. Urtero hobetzen joan naiz eta beti iritsi da momentu bat gora egin behar izan dudana. Hor trabatuz gero, beherakada etorri zitekeen, baina nik gora egin dut. 69 metro jaurtitzetik 77 metro jaurtitzera pasa naiz eta kalitate handiko jauzia da hori, oso garrantzitsua. Orain beste jauzi bat ematea falta zait, 80 metrotik pasatzea eta, emanez gero, maila oso onera iritsiko naiz. 2017an 80 metro baino gehiagoko jaurtiketa egin nuen, baina baliogabea izan zen. Zuzena izan balitz, izugarria izango litzatekeen! Hurbil nagoela dakit eta baliogabeko jaurtiketa horrek konfiantza ematen dit helburu hori lortzeko.

-Eta 80 metro jaurti eta gero?

Profesional onenek 90 metrotik gora jaurtitzen dute, eta hori jauzi handia da. 80 metrotik gora finkatuko banintz, munduko elite mailan kokatuko nintzateke; eta 90tik gora jaurtiz gero, historiako onenen artean egongo nintzateke.

-Jauzi horiek emateko prest zaude?

Jakina! Beti prest!

-Azken urteotan izan duzun bilakaera handia izan da eta anbizio handiko erronkak dituzu aurretik. Nolabaiteko presioa sentitzen duzu orain?

Bai, asko. Lehen jolas moduan egiten nuen atletismoa. Unbera joan, entrenatu, jaitsi… zerbait egitearren nebilen atletismoan. Gero, 15-16 urte bitartean min hartuta egon nintzen eta adin berezia da, gizontzen hasten zarelako. Bi urte horietan ukondoa gaizki eduki nuen (beno, oraindik ere), ipurdi inguruan ere mina neukan eta ia ez nuen lehiatu. Ondorioz, kategoria bat galdu nuen. Bueltan, ordea, hobekuntza nabarmena somatu nuen bapatean. Nire marka 6 metrotan hobetu nuen bi urtetan ezer egin gabe egon ostean. Denboran aurrera egin ahala nire marka hobetzen joan nintzen eta 60 metroko muga ere gainditu nuen berehala. Espainiako txapelketara joango ez nintzela pentsatzetik, Mundialera joan nahi izatera pasa nintzen. Jauzi handia eman nuen denbora gutxian. Emaitza horiek ikusita, etorkizunean zerbait egin nezakeela pentsatzen hasi nintzen. Gorputza hartu dut, eta orain indar gehiago hartzea eta teknika hobetzea falta zait. Nire usteak betetzen joan dira eta gogor entrenatuz emaitzak irten zaizkit. Aurreko denboraldia da horren erakusle. Aurten beste pauso bat eman behar dut eta hasi naiz lanean jada.

-Ezustean harrapatu zaituzte lortu dituzun emaitzek?

Sorpresa izan da. Jendeak 40 metro ingurura jaurtitzen du xabalina 15 urterekin eta ni ez nintzen heltzen. Bapatean, 16 urterekin 42 metrotara jaurti nuen eta normaltzat hartu ahal zen, baina poliki-poliki jendea gainditzen joan nintzen, markak hobetzen, eta eboluzio horri begira uste dut jendea ez litzatekela harrituko 80 metrotik pasatzea lortuko banu. Bidea markatuta daukat, baina orain bidea egin behar da. Lesioek uzten badidate, helburuak lortu ditzakedala uste dut.

-Zein izan da hobekuntza horren gakoa?

Lehenik eta behin gaitasuna izan behar duzu, edonork ezin du jaurti nik jaurti dudana, baina nahiz eta gaitasunak eduki ez badituzu lantzen eta ez baduzu sufritzen, ezinezkoa da. Dohaina eta esfortzua behar da, behin eta berriz ekitea.

-Gustura egiten duzu esfortzu hori?

Bai. Egun hauetan erdi gaixorik egon naiz eta, hala ere, gaur gimnasiora joan naiz eta bakar bakarrik egon naiz bertan hiru orduz. Ez negoen oso animatuta, baina badakit zer lortu nahi dudan eta hori lortzeko lana egin behar dut.

-Teknika, indarra eta fisikoa lantzen dituzu. Eta burua?

Oraindik ez, baina uste dut landu behar dudala. Iaz nazioarteko txapelketetan huts egin nuen, batez ere txapelketa batean. Munduko onenaren aurka aritu nintzen lehian eta berari begira pasa nuen nire buruari begira baino denbora gehiago (barreak). Alde psikologikoa beste alderdiak bezain garrantzitsua da. Burugogorra ez bazara, hor konpon! Zentzu horretan tematia naiz. Jauzia emateko ordua heltzen denean hotza izan behar zara eta kalitatezko lana egin behar duzu. Ni oraindik ez naiz momentu horretara iritsi, baina 27 urte inguru dituztenen entrenamenduak ezberdinak dira.

-Bide luzea daukazu aurretik zure maila gorenera heltzeko?

Jaurtiketetan adinak ez du hainbeste eragiten, baina teknika guztia eta beharrezko indarra lortu arte denbora behar da. 28-30 urterekin teknika menperatu eta beharrezko indarra edukitzera heltzen dira xabalina jaurtitzaileak. Gaur egun, 24-25 urteko bi jaurtitzaile on daude, baina orokorrean beranduago iristen da momentu gorena. Ni are gazteagoa naiz. Ea datorren urtean eurekin egoteko jauzia ematen dudan.

-Eibarko Kirol Sarien ekitaldian aipatu zenuen kirol askotan aritu zinela gazteagoa zinenean. Nola amaitu duzu xabalinan?

Igeriketa, Kung-Fu, Wu-Shu, fondoko eskia, futbola, esku pilotan eta eskubaloian aritu naiz. Igeriketa egiten nuenean hotz asko pasatzen nuen eta utzi egin nuen. Futbolean ere ez negoen oso gustura eta Mikel Oyarzabalek jokatzen zuen nire postuan gainera (barreak). Gero, Bolunburu Krosa ikusten negoenean atletismoan apuntatzeko animatu ninduen amak eta probatzearren hasi nintzen. Orduko pentsaera ez zen gaur egunekoa bezalakoa, jolastera joaten nintzen eta, sufritu behar bazen, ez zitzaidan gustatzen. Hasieran denetatik egiten nuen: altuera-jauzia, luzera-jauzia, krosa, 150 eta 100 metroko lasterketak… Ez dakit azkenean zergatik aukeratu nuen xabalina. Gustukoa neukan eta, nahiz eta oso ona ez izan, nahiko ondo moldatzen nintzen.

-Aukeraketarekin asmatu duzula dirudi.

Bai, beste modalitate bat aukeratu ezkero ez dakit zer gertatuko litzatekeen.

-Amak aholkuak ematen dizkizu?

Ez. Xabalina-jaurtiketan aritu zen, berak animatu ninduen atletismoan izena emateko, baina hortik aurrera nire bidea egiten utzi dit. Aitak gauza gehiago esaten dizkit amak baino, eta berak ez dauka xabalinarekin zerikusirik (barreak). Ama ona izan zen xabalinarekin, baina ez dit ia aholkurik eman.

-Nola aurkezten da 2018 urtea?

Lesio batzuetatik irten naiz, errekuperatzen nabil eta otsailean lehiatzen hasiko naiz. Abuztuan egingo dira txapelketa nagusienak. Europako Txapelketa absolutura heltzea posible ikusten dut, bestela denboraldi txarra izango litzateke. 80 metro jaurtitzea eskatzen dute, baina nik luzeago jaurti nahi dut. Bertara banoa, ondo lehiatu nahi dut. Horra iritsi bidean Espainiako Txapelketa absolutua irabaztea espero dut. Gero, osasuntsu banago, Perura joatea gustatuko litzaidake Iberoamerikako Txapelketan lehiatzera. Azken urteotan lur jota amaitu ditut denboraldiak, beraz, ikusiko da nola nagoen ordurako. Orain entrenatzailea aldatu dut eta nire gorputza gehiago ezagutzen dut.

-Eta etorkizunera begira amesten jarrita?

90 metrotara heltzen banaiz, pozik. Astakeria da, historiako mugetara iristea, baina gogor egingo dut lan hori lortzeko. Hori bai, horra heltzeko bost urte edo gehiago falta dira eta orain daukadan garapenaren kurba leunduko da, jaisten ez bada. Dena perfektu badoa, tira, baina bidean gauza asko gerta liteke.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »