ONEIÑ: “Bezeroen beharretara egokituko ditugu saskiko produktuak”

ONEIÑ: “Bezeroen beharretara egokituko ditugu saskiko produktuak”
2017/10/27 09:31
eta kitto!
Eskualdeko nekazari eta bezeroak era zuzenean batzeko kontsumo taldea osatu dute Xabier Narbaiza eta Eneritz Arizmendiarretak Ane Campos dietistarekin elkarlanean. Bezeroen beharretara egokitutako produktu osasuntsuak eskainiko ditu ONEIÑek, eta bezeroen eskura jarriko dira astelehenero Hapiick-ek Eibar eta Ermuan dituen takila adimenduetan. Gainera, saskian jasotako produktuak prestatzeko errezetak emango zaizkie bezeroei.

 

-Nola funtzionatuko du Oneiñek?

Lehenengo, bezeroak izena emango du, profil ezberdinak aukeratu ahal izateko liburuxka bat emango zaio, eta bere bizitza estilora eta beharretara gehien egokitzen dena hautatuko du. Perfil bakoitzak plan nutrizionala izango du, eta gehien bat Debabarrenekoak eta ‘kilometro 0’ deitutako produktuz beteriko saskia jasoko dute astero bezeroek. Horrez gain, errezeta batzuk jarriko ditugu bezeroen eskura. Ezin dira aukeratu astero jasoko diren produktuak. Bezeroa Hapiick makina batera joango da, emango zaion kodea markatuko du eta egokitzen zaion kaja irtengo zaio. Bertan produktuak eta menua aurkituko dira; eta menuan izartxo bat agertuz gero, hiru hilabeterik behin banatutako gida batean menu hori prestatzeko errezeta aurkitu daitekeela adierazten du.

-Euren saskia prest dutela jakiteko abisua jasoko dute bezeroek?

Astero egun berean banatuko dira saskiak, astelehenetan. 9:30ak inguruan eskuragarri izango dute eta 24 ordu egongo dira bertan. Hapiick-en sartu beharko duten kodea SMS bitartez iritsiko zaie.

-Nolako profilak zehaztu dituzue?

Hiru oinarri hartu ditugu kontutan: kirolaria, arrunta eta beganoa. Gero, kantitateari dagokionez, pertsona batentzako, birentzako edo familia osorako izan daiteke saskia. Hori kontutan izanda, aldaerak egon daitezke. Bestetik, proba pilotu moduan jarriko dugu martxan Oneiñ, eta bezeroen iritzia jasoko dugu hilero. Hori kontuan izanda, euren beharretara egokituko ditugu saskiko produktuak.

-Nola eman daiteke izena?

Isasiko ‘Eibar Sasoian’-en lokalean kokatzen den Ane Campos dietistan, oineininfo@gmail.com helbidera edo Oneiñen Facebook eta Twitter orrietara idatzita, edota 688 61 96 40 telefonora deituta. Aste honetan Eibarren eta Ermuan proiektua aurkezteko ekitaldi bana egin ditugu, eta gero, San Andresetan informazio-puntua jarriko dugu, Oneiñ ezagutu eta izen-ematea ahalbidetzeko.