Sofia Machin (abeslaria): “Modan dagoen abesti bat igotzen dugu astero Youtubera”

Sofia Machin (abeslaria): “Modan dagoen abesti bat igotzen dugu astero Youtubera”
2018, Api 06

Ahots ederra eta gozoa daukalako ezagutzen dugu Sofia Machin, 19 urteko abeslari eibartarra.  Musika munduan hainbat gauza egin ditu, eta orain proiektu berri bati ekin dio Leioako Publizitate Fakultateko ikaskide batekin, Ander Lopezekin. Eta ez da erronka makala: astero abesti bat grabatzen eta igotzen ari dira Youtubera. Denbora gutxi daramate, baina izan duten harrerarekin gustora daude. Datorren astean, apirilaren 13an, El Corte Ingleseko kafetegian abestuko dute, 19:00etan.

– Astero Youtubera abesti bat igotzeko erronka jarri diozue zeuen buruari? Nola sortu zen ideia?
Fakultatean ezagutu gara. Aurten klase berean gaude, Publizitateko bigarren mailan. Ander ni baino lau urte zaharragoa da eta hainbat taldetan eta telebistako programetan ibili da. Biok batera nola moldatzen ginen probatu genuen, eta, ondo irteten zitzaigula ikusita, Youtuben gure kanala sortzea erabaki genuen. Youtuben ondo joateko eta jarraitzaileak izateko oso inportantea da konstanteak izatea, eta horregatik erabaki genuen egun bat jartzea, domeka, eta astero bideo bat igotzea. Horrez gain, elkarrekin  kontzertu akustikoak egiteko asmoa daukagu. Datorren astean, esate baterako, El Corte Ingleseko kafetegian egongo gara, 19:00etan. Kontzertuetarako gure errepertorioa daukagu, eta gero Youtubera igotzen ditugun abestiak

– Zelako abestiak dira Youtuberako aukeratzen dituzuenak?
Youtubera igotzeko, une gorenean dauden abestiak aukeratzen ditugu, horiek baitira azkenean jendeak ikusiko dituenak. Cover-ak edo bertsioak egiten ditugu. Dena dela, argi daukagu gustatzen ez bazaigu ez dugula egingo, nahiz eta modan egon. Igo genuen lehen abestia, ”Tu canción”, originalaren antzerakoa da, baina besteetan gehiago saiatu gara gure bertsio propioa sortzen, gure modura egiten.

– Zuen lanaren kalitatea ikusita, atzean lan handia dagoela ikusten da…
Lana eskatzen du. Aste honetan, adibidez, bi abesti grabatu ditugu eta badaukagu domeka honetan eta hurrengoan igotzeko. Abestiak aukeratu  eta bakoitzak bere etxean prestatu ondoren, lehenengo Bilbon entsaiatu eta audioa grabatzen dugu, Anderrek bere etxean horretarako baliabide egokiak dituelako. Beste egun batean bera Eibarrera etortzen da eta bideoa grabatzen dugu nire kamara eta tripodearekin. Geuk egiten dugu dena. Gure nahia gauzak ondo egitea da, eta horretarako lan asko egin behar da.

– Nolako harrera izan duzue?
Harrera ona izan dugu. Leku askotako jendeak idatzi digu sare sozialen bitartez. Brisa Fenoy “Lo malo” abestiaren konpositoreak egin dugun bertsioa asko gustatu zaiola esan digu. Gure lana ezagutzera emateko modu ezinhobea da hau, eta aprobetxatu egin behar dugu. Harpidedunak apurka ugaritu eta bisita kopurua handitu nahi dugu, eta hortik abiatuta kontzertuak eman. Aurrera begira gure  abestiak egitea gustatuko litzaiguke, baina oraingoz kantu ezagunen bertsioekin jarraituko dugu. Gure lana ikusi nahi duzuenok Youtuben “Sofia y Ander” bezala aurkituko gaituzte.

Sofia eta Ander2

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »