Ugaitz Muñoa «Arkeologo lanak egiten dihardugu Kretako Petras kokalekuan»

0    Elkarrizketak 
Ana
Ugaitz  Muñoa  «Arkeologo  lanak  egiten  dihardugu  Kretako  Petras  kokalekuan»
21 Uzt
2:50

Ugaitz Muñoa eibartarra Grezian dago egunotan, zehazki Kretako ekialdean, Sitía edo Siteía izeneko herrian indusketa lanak egiten. Ugaitzek historia ikasi zuen Gasteizen eta hortik Madrilera joan zen Antzinaroko Historia eta Zientzien masterra egitera. “Petras Excavations” kokalekuan dihardu egunotan Kreta uhartean antzina izan zen Minoiko zibilizazioaz ikerlanak  egiten.

– Aurretik ibili zara indusketak egiten baina hauxe da estatutik kanpora zoazen lehen aldia. Nola sortu zitzaizun aukera?
Masterreko irakasle batek harremana dauka hemengo, “Petras Excavations”eko zuzendariarekin, eta hortik irten zen beste ikaskide batzurekin batera Kretara etortzeko aukera. Gu 6 ikaskide etorri gara elkarrekin, estatuko leku desberdinetakoak. Baina gutaz gain badaude greziarrak eta amerikarrak ere.

– Zein da zuen eginkizuna?
Batez ere arkeologo batek lana nola egiten duen ikasteko eta gure ikasketak osatzeko gaude hemen. Gurekin batera, langileak ere badaude, soldata baten truke establezimendu honetan lan egiten dutenak. Gehienak herrikoak dira eta, nahiz eta batzutan elkar ulertzeko zailtasunak izan, ondo konpontzen gara eurekin.

– Bost astetarako joan zara. Nola dago antolatuta lan jardunaldia?
06:00etan jaiki eta 07:00etan heltzen gara Petrasera. Hemen bakoitzak bere lekua emanda dauka eta baita langile bat ere. Hilerri batean dihardugu. Langileak  industen hasten dira eta aurkitzen doazen gauzak guk hartzen ditugu: aztertu, dokumentatu, neurriak hartu… Askotan, tokatzen zaizun lekuaren arabera ez duzu ezer aurkitzen eta apurtxo bat aspergarria izaten da. Orduan langileari laguntzen diogu, horrela lana ahalik eta azkarren egiteko. 8 ordu egoten gara, baina gure lana ez da indusketan bukatzen. Apartamentuan egunerokoa egin behar dugu, jaso ditugun datuekin, eta txostena ere prestatu behar dugu. Egonaldia ezin dugu nahi genukeen beste aprobetxatu, baina ahal dugunean hartzen dugu tarte bat buelta bat emateko.

– Zelako objektuak aurkitu dituzue Petrasen?
Orokorrean nahiko gauza interesgarriak aurkitu ditugu: zeramika zatiak, obsidiana zatiak, lepoko bateko bolatxo bat, plater eta edalontzi osoak… Hezur asko ere aurkitu ditugu.

– Nolakoa da ingurua? Leku polita da Sitía?
Bakarrik bi aste daramatzat, bana ikusi dudanez nahiko hiri lasaia da. Nahiz eta txikia izan giroa badago eta polita da. Turismoa badago, baina neurrian. Abuztuaren hasierara arte egongo naiz hemen, guztira 5 aste. Hona etorri aurretik Atenasen egun batzuk pasa genituen. Greziak bizi duen momentua dela eta, dena txarragoa eta konplikatuagoa izango zela uste genuen, baina, egia esan, hemen egonda gauzak beste modu baten ikusten dira, jendea oso abegikorra da, asko harritu nau bertakoen berotasunak.

– Esperientzia hori bizitzera joan zaretenok ze disziplinetakoak zarete? Aurrera begira zertan nahi duzu jardutea?
Gehienak Historia, Artearen Historia eta Arkeologia ikasi dugunak gara. Hemendik aurrera? Nire asmoa Egiptori buruzko tesia egitea da. Betidanik, txikitatik gustatu zait eta horregatik ikasi nuen Historia.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »