Elurrak kirol asteburua erdira mugatu zuen

Elurrak  kirol  asteburua  erdira  mugatu  zuen
04 Abe
9:47

Barixakuan inguruak zuriz janzten hasi zirenetik astebururako iragarrita zeuden hainbat kirol aktibitate bertan behera geratzen hasi ziren eta gurean ere hainbat kirol jarduera hurrengorako geratu behar izan ziren. Horrela, Bolunburu Memoriala atletismo proba jokatu barik geratzearekin batera, hurrengorako geratu ziren ere foball-zaletuaren 11. jardunaldia eta Unben jokatu beharreko errugbi partiduak. Foballaren jardunaldian ere partidu asko geratu ziren jokatu barik, baina talde nagusienek jokatu zituzten zegozkienak, emaitza onekin gainera. Eibarrek 3-1 irabazi zion Espanyoli, emakumezkoen 2. Mailakoa 0-2 gailendu zitzaion iaz 1. Mailan jokatzen zuen Oiartzuni eta Vitoria filialak bana berdindu zuen Caudalen kantxan. Jubenil eta kadete mailetako lehen taldeek ere irabazi egin zituzten euren neurketak: jubenilek 0-1 Logroñon eta kadeteek 0-2 Sestaon. Eskubaloian 1. Maila Nazionaleko Somos Eibarrek 34-24 irabazi zion Ereintzari eta emakumezkoen Avia Eibarrek eta gizonezkoen Haritza bigarren taldeak galdu egin zuten. Saskibaloian Katu Kalek beste garaipen bat lortu zuen, Take Coach-en aurrean (65-56). Waterpoloan, azkenik, herriko taldeek plenoa eskuratu zuten eta jokatutako partidu guztiak irabazi.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »