Energiaren Eskualdeko Behatokia jarri dute martxan Debabarrenean

0    Berriak, Ekonomia 
Silbia
Energiaren Eskualdeko Behatokia jarri dute martxan Debabarrenean
2017, Abe 18

Gaur goizean aurkeztu dute Debabarreneko Energiaren Eskualdeko Behatokia, Debegesaren egoitzan, Monica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariaren, Felix Asensio Obra Hidraulikoetako zuzendariaren, Juan Angel Balbas Debegesaren zuzendariaren eta eskualdeko alkate eta udal ordezkarien partehartzea izan duen ekitaldian.

Energiaren Eskualdeko Behatokia Informazio eta Komunikazio Teknologietan oinarritzen den plataforma berritzailea da; horniduren kudeaketa eta udal instalazioen energia kontsumoen azterketa egitea ahalbidetzen du (argiteria publikoa, eskailera mekanikoak, udal eraikinak…). Kudeaketa erreminta honekin jasangarritasunaren aldeko urratsak eman eta aurrezpena eta eraginkortasun ekonomikoa (€), energetikoa (kWh) eta ingurumenekoa (CO2 tonak) neurtu ahal izango dira.

Energiaren Eskualdeko Behatokiak eskualdeko sei herri gipuzkoarrei emango die zerbitzua (73.000 biztanleri) eta, horretarako, aipatutako herrietan energiaren kudeaketarako SIE (Energia Informazioaren Sistema) software bat ezarri da. Azaldu dutenez, horri esker posible izango da udaleko energiaren fakturazio egokia kontrolatzea, hornidura energetikoen kontratazioa hobetzea, eta udalerrietako eraikin eta argiztapen publikoko koadro guztiak erregistratzea eta horien portaera aztertzea, hori guztia eskualderako plataforma bakar batean. Adierazi dutenez, “inbertsiorik egin beharrik gabeko neurriak soilik hartuz, Behatokiak 74.073 euroko aurrezpen potentziala detektatu du, energia faktura osoaren %4,3”. Energiaren kudeaketarako erreminta berria ezartzearekin batera, sei udalerrietako teknikarientzat prestakuntza saioak egin dituzte.

Behatokiarekin batera, Debabarrenak Energia Ataria sortu du, herritarrek informazioa gardentasunez jaso dezaten (www.debegesa.eus webgunean aurkituko duzue sarbidea). Ataria Energia Informazioaren Sistematik automatikoki elikatzen da eta, informazioa emateaz gainera, atariaren bitartez udalerriko energia-politika ezagutzera emateko aukera dute. Horrekin batera, herritarrek udalaren hileroko argiaren faktura zenbatekoa den jakin ahal izango dute, baita aurreko urtearekin alderatuz gero aurreztu duten ala ez. Udalaren energia-kontsumoa edota atmosferara zenbat CO2 isuri den beste herrietako datuekin alderatzeko aukera ere izango dute.

Debabarreneko Gipuzkoako Udalek ipini dute martxan Energiaren Behatokia, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean eta egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren laguntza jaso du.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »