Errefusa biltzeko edukiontzi grisa ezarriko du Mankomunitateak Eibarren, birziklatze-tasak hobetzeko asmoz

0    Berriak, Eibar 
Silbia
Errefusa  biltzeko  edukiontzi  grisa  ezarriko  du  Mankomunitateak  Eibarren,  birziklatze-tasak  hobetzeko  asmoz
14 Aza
11:51

Aurreko barixaku goizean egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak udalerri guztietara zabalduko du errefusa biltzeko edukiontzi grisa, “Europako birziklatze-alorreko helburua lortzeko eta 2020. urtean % 50a gainditzeko” abian jarri duen estrategiaren barruan. Gainera, iazko abenduan Deban eta Mutrikun ipinitako edukiontzi grisarekin lortutako emaitzek (%55’49 Deban eta %58’98 Mutrikun) edukiontzien bidezko gaikako bilketa-sistemaren erabilerari babesa ematen diotela pentsatzen dute. 2017ko irailera arteko datuak eskuan, Arcadio Benitez Mankomunitateko presidenteak “positibotzat” jo zituen emaitzak: gure eskualdean hondakinen %48’45  birziklatzen dira. Hala ere, emaitza hobeak lortzeko herritarrak sentsibilizatzen jarraitu beharra dagoela esan zuten. Mankomunitateak 390.190 euroko inbertsioa aurreikusi du Debabarrenean 328 edukiontzi berri ezartzeko: errefusa edo hondakin ez-birziklagarrietarako edukiontzi grisak edukiontzi berdea ordeztuko du. Edukiontzi berriek, bestalde, txartel bidez zabaltzeko sistema darabilte eta, txartelak duen txipari esker, erabilera eta parte-hartze maila kontrolatuko dituzte.

Zerbitzu berriaren inguruko azalpenak emateko informazio-kanpaina egingo da. Batetik, hondakin organikoetarako edukiontzi marroia erabiltzen duten herritarrei gutuna bidaliko zaie etxera gaikako bilketari buruzko informazioarekin eta organikoaren bilketan izena emanda ez dauden herritarrei, berriz, “gaikako bilketan parte hartzeko behar diren material guztiak jasotzeko” gonbidapena egingo diegu. Gainera, arretarako bulegoak jarriko dira, “edukiontziak irekitzeko txartel pertsonalizatuak hautatzeko eta gainerako materialak jasotzeko” eta doako telefonoa (900 10 49 23) ere ipini dute martxan, zalantzak argitzeko.

kanpaina

“Konprometitu gaitezen Eibarrekin” sentsibilizazio-kanpaina

Bosgarren edukiontziaren ezarpenaren harira, Eibarko Udalaren Ingurumen Sailak azaroaren 24ra arteko iraupena izango duen kanpaina abiarazi zuen atzo, Hondakinen Prebentzioari buruzko Europako Astearen harira herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko asmoz. Jon Iraola Hirigintza eta Ingurumeneko zinegotziak adierazi zuenez, “herritarrek gaikako bilketan gehiago parte hartzea eta birziklatzearen emaitzak hobetzea lortu nahi dugu. Horrekin batera, guztion erantzukizuna da Mankomunitateak gure esku jartzen dituen baliabide materialak ongi erabiltzea, hondakinak ongi kudeatzea eta hiria garbi edukitzea. Denok ahalegindu behar dugu Ingurumenaren mesedetan”.

Kanpainaren barruan, informaziorako gune ibiltaria ipiniko dute martxan herriko auzo ezberdinetan. Karpa baten azpian arretarako mahaia jarriko dute, informazio-panelak eta birziklatzea errazteko materialak erakusgai ipiniko dira, gaikako paperontzi bat… Gainera, hondakinak birziklatu eta kudeatzeari buruzko informazio-liburuxka batzuk banatuko dira, eta nahi duenak inkesta bati erantzuteko aukera ere izango du. Atzo arratsaldean Amañan egon ziren eta datozen egunetan honako ordutegiari jarraituko diote:

  • Azaroak 16, eguena: Ipurua (Indalezio Ojanguren kalea, dorreen artean),16:30etik 18:30era.
  • Azaroak 17 barixakua: Untzaga plaza, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:00etara
  • Azaroak 18, zapatua: Urkizuko parkea, 11:00etatik 13:30era.
  • Azaroak 20, astelehena: Amañako pasealekua (Tiburtzio Anitua, 5), 11:00etatik 13:30era.
  • Azaroak 22, eguaztena: Untzagako harmailak, 11.00etatik 13:30era.
  • Azaroak 23, eguena: Urkizuko parkea, 16:30etik 18:30era.
  • Azaroak 24, barixakua: Untzagako harmailak, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:00etara.

Informazio-karpa horrez gain, haurrentzako jarduerak ere antolatu ditu Udalak: azaroaren 17an, 16:30etik 19:00etara, birziklatutako materialez osatutako soinu-erakusketa interaktiboa ipiniko da Untzagan (euria izanez gero, erakusketa udaletxeko arkupeetan ezarriko da); azaroaren 18an, Urkizuko parkean, haurrentzako tailer bat antolatuko da 12:00etatik 12:45era, materia organikoa birziklatzeko helburuarekin; eta azaroaren 24an, birziklatzeari buruzko beste tailer bat antolatuko da haurrentzat, Untzaga plazako harmailetan, 17:30etik 18:15era.

Bestalde, azaroaren 21ean, 18:30ean, “Eibarko hondakinen kudeaketaren aldaketei” hitzaldia emango du Portalean Mankomunitateko gerenteak. Eta azaroaren 28an Garbigunean bisita gidatua egingo da, kanpainan zehar informaziogunean izena eman ondoren instalazio horiek ezagutu nahi dituzten guztientzat.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »