Esperientzia Eskolaren 2017/18 ikasturtea aurkeztu dute gaur

Esperientzia Eskolaren 2017/18 ikasturtea aurkeztu dute gaur
2017/10/20 eta kitto!
Armeria Eskolak ongietorria eman die gaur goizean Ikastenek antolatzen duen Esperientzia Eskolaren 2017/18 ikasturteko ikasle berriei. Eibar, Soraluze, Deba, Mutriku eta Ermuko hamalau ikaslek eman dute izena momentuz hamalaugarren promozioan, baina ateak irekita daude oraindik parte hartu nahi dutenentzat.

Urriaren 24an hasi eta maiatzaren 24an amaituko dira klaseak, eta astean hiru egunetan elkartuko dira (martitzen eta eguaztenetan 9:30etatik 12:30etara Untzagako Jubilatuen Elkartean, eta eguenetan 10:00etatik 12:00etara Armeria Eskolan).

Felipe Zubiate Ikasteneko ordezkariak aurkeztu du harrera ekitaldia, eta Ani Alberdi Ikasteneko presidenteak eta Miguel De los Toyos alkateak hartu dute hitza. “Uste duzuena baino gehiago eskainiko dizue ikasturteak”, aipatu die Alberdik ikasle berriei. Alkateak, bestetik, Esperientzia Eskolaren jarduerek herria aberasten dutela adierazi du.

Urtero bezala, liburuak zozketatu dira ikasturtearen lehenengo egunean. Ondoren, Esperientzia Eskolan egiten diren jardueren erakusle, ‘La Novena’ Ikasteneko antzerki taldeak ekitaldia itxi du.