Gaur arratsaldean hasiko dira jaiak Legarren, txosna zabaldu eta umeen jolasekin

Gaur arratsaldean hasiko dira jaiak Legarren, txosna zabaldu eta umeen jolasekin
2017/09/22 eta kitto!
Arrajolape elkarteak antolatuta, asteburu honetan ospatuko dituzte auzoko jaiak Legarren. Gaur arratsaldean ekingo diote egitarauari, 19:30ean txosna zabaldu eta umeentzat prestatu dituzten jolasekin. Handik ordubetera, berriz, tortila txapelketa hasiko da eta, ondoren, auzoko gazteentzat afaria prestatuko dute. Eta, afalostea girotzeko, zumba saioa eta musika emanaldia antolatu dituzte. Bihar kirol proba batekin hasiko dute eguna, 11:30ean: iaz izandako harrera onarekin animatuta, aurten ere “Kronoeskilara” izenekoa jokatuko dute Mekolarako eskaileretan gora Legarreraino. Eguerdian, berriz, pintxo-poteoa egingo dute, trikitilariek eta buruhundiek lagunduta eta, ondoren, auzokoentzat bazkaria emango dute Bizimina elkartekoek. Bazkalostea girotzeko, musika egongo da DJ Arnoren eskutik eta arratsaldeko 17:00etan Antxo eta Pantxa pailazo bikoteak “Museoaren taupadak” umeendako ikuskizuna eskainiko du. Ondoren txokolatea banatuko dute eta 19:30etatik aurrera kalejiran ibiliko dira, buruhandiek eta Mugi Panderoa taldeak lagunduta. Kalejira amaituta, erromeria egingo dute Mugi Panderoa taldearekin eta gauean, 22:30ean, Oso Basatis eta The Rockos taldekoek kontzertua emango dute.