Gaur da mugarrien inguruan egingo den ekitaldian izena emateko azken eguna

Gaur da mugarrien inguruan egingo den ekitaldian izena emateko azken eguna
2017/10/30 eta kitto!
Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat udalekin eta elkarterekin batera antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Eibarko mugarriak, haiek berreskuratzeko egin duten lana eta beste hainbat kontu ezagutzera emateko ekitaldia egingo da azaroaren 9an Eibarko Udal Artxiboan, goizeko 09:00etatik aurrera, eta gaur izena emateko azken eguna. Interesa duenak izen-abizenak, adina eta telefonoa eman behar ditu, egoibarra@eibar.eus helbidera idatzita.
Ekitaldiaren hasieran, Yolanda Ruiz Urbón udal artxibariak herriko mugarrien azalpen historikoa emango du "Mugarriak, gure herriko historiaren lekuko mutu horiek" gaiaren inguruan, herriaren sorreratik (1346) mugarriek izan dituzten gorabeherak azalduz. Horrekin batera Artxiboan gordetako agiriak ere erakutsiko ditu. Eta, ondoren, Eibarko Klub Deportiboko Julian Etxeberria, Periko Iriondo eta Angel Treviñok herriko mugarri zaharrak nola berreskuratu zituzten azalduko dute.