Gaur zabaldu eta domekara arte iraungo du Garagardo Azokak

Gaur zabaldu eta domekara arte iraungo du Garagardo Azokak
2017/06/13 eta kitto!
Eibar Rugby Taldeak 40 urte egiten ditu aurten eta, hori aprobetxatuta, egitarau berezia prestatu dute gaur hasi eta domekan amaituko den Garagardo Azokaren inguruan. Ekitaldiak aurreko barixakuan hasi ziren, Guridi tabernaren aurrean prestatu zuten dastaketa saioarekin, guztia ere M+K Celtic Strings musika taldeak ipinitako giroaz lagunduta. Jarraipen handia izan zuen estreinaldiaren ondoren, gaur 15. Garagardo Azoka zabalduko dute 19:30ean Eibar Triatloi Taldearen eskutik. Rugby Taldeak urtero herriko elkarte edo talde bat omendu nahi izaten du ekitaldi horretan eta oraingoan kirol talde horrek egindako ibilbidea izan du kontuan. Gaur, bihar eta etzi ordu horretatik gaueko 24:00ak arte zabalduko dute Azoka eta egunero musika talde batek jarriko du giroa: gaur Skatacroker izango da, bihar M+K Celtic Strings eta etzi eta etzidamu Euskelga. Biharkoan, bestalde, Mikel Oyarzabal foballaria omentzeko aprobetxatuko dute eta, horretarako, jokalaria selekzioarekin Polonian dagoenez, zuzeneko Skype-a erabiliko dute. Barixakuan, hilaren 16an, Azoka ordubete luzatuko da eta 01:00etan amaituko. Behin asteburuan sartuta, Azokak eguerdian zabalduko ditu ateak eta egun bietan 12:30etik 18:00etara egongo da martxan; eta gero, 19:30ean zabalduta, 01:30era arte egongo da zapatuan eta 22:00ak arte domekan. Zapatuan Gatibu musika taldeak joko du Karparen pareko plazan eta domekan, bestalde, Biziminaren aldeko paella solidarioa izango da eguerdian. Paella platerkada 5 eurotan erosi ahal izango da eta jasotako diru guztia Fibrodisplasia Osifikante Progresiboaren gaixotasuna dutenendako izango da. Ticketak Guridi, Kultu, Koskor eta Kontent tabernetan daude salgai.