Gazteen ahotsak sarean

Gazteen ahotsak sarean
2016/03/16 23:41
eta kitto!
Badihardugu Elkarteak gazteen ahotsa jaso eta zabaltzeko asmoz aisialdira bideratutako proiektua abiarazi du: "Gazte Gara Gazte". Proiektuko arduradunen berbetan, "besteak beste, gazteen euskararen ezagutza sustatu, baliabide praktikoak eta errealak eskaini eta motibazioan eragitea du helburu. Horretarako, Euskal Herri osoko gazteen hizkera jasotzeari ekin genion 2014an, batez ere bi gai lantzeko: aisialdia eta hizkuntza. Nola bizi dute aisialdia gazteenek? Nola aldatu dira ohiturak azken urteotan? Zer zaletasun dituzte? Eta euren aisialdian zer leku dauka euskarak? Nola uztartzen dituzte euskara eta erdarak?".
Bi urtetan 80 hiztunetik gora elkarrizketatu dituzte, "gazteak gehienak, baina baita gazteekin lanean dihardutenak ere. Zaletasun desberdinak dituzten gazteak hautatu ditugu: mendizaleak, musikariak, bertsolariak, aktoreak, futbolzaleak, rallyzaleak... Eta euren aisialdiaz eta ohiturez galdetu diegu. Helburua, beste gazte batzuei euskarazko ereduak ematea eta interesatzen zaizkien gaien inguruko informazioa euskaraz modu erakargarrian jaso ahal izatea da". Aitor Errazkin Badihardugu Elkarteko kidea izan da proiektuaren arduradun nagusia, eta berak egin ditu elkarrizketa gehienak. Horiek guztiak Gazte Gara Gazte webgunean (gazteak.ahotsak.eus) jaso dituzte, hainbat ataletan sailkatuta. Horrekin batera lagunarteko erregistro informala jasotzen duen Gazte Hiztegia ere osatzen dihardute: "Fitxa lexikala du oinarritzat, hainbat eremu gehitzeko aukerarekin (argazkia, bideoa, bestelako loturak...). Dagoeneko 752 sarrera ditu hiztegiak, baina etengabe hitzak gehitzen ari gara. Gainera, erabiltzaileek ere aukera dute iruzkinak gehitu edo ekarpenak egiteko". Bideoteka atalean, bestalde, gazteen intereseko gaien inguruan osatutako 10 ikus-entzunezko eskegi dituzte.