Andra marrokiarrak Aisa-rekin euskeraz

Andra marrokiarrak Aisa-rekin euskeraz
2016/09/05 eta kitto!
Udalak harrera linguistikoa lantzen duen AISA programa ipiniko du martxan aurten euskara ikasi nahi duten etorkin helduentzat. Urte hasieran Toyor Al Jannah kultur elkarteko zenbait emakumek euskara ikasteko interesa adierazi zuten eta udalak, Gizartekintzako Immigrazio arloa eta Udal Euskaltegiaren arteko koordinazioa sustatuz, AISA programa antolatuko du 15 emakume marrokiar horiek euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko.
Ikastaroak urrian hasi eta 2017ko otsailean amaituko dira. Guztira 60 ordu beteko dituzte, astean egun bitan, 14:30etik 16:30era bitartean.
Ekimenak HABE-ren dirulaguntza dauka eta, horri esker, matrikulak 20 euro balio du (ikasliburuak matrikularen barruan sartzen dira). Ikastaroetan lau liburu eta bost unitate didaktiko lantzen dira -lana, familia, hiria, janaria eta kirolak- eta oinarrizko hiztegi eleanitz bat erabiltzen dute -euskera, ingelesa, frantsesa, arabiera, bereberra eta txinera itzultzen ditu-.
AISA ikastaroak, etorri berriak diren pertsonei zuzenduta egoteaz gain, euskaratik eta euskal kulturatik urrun daudenentzat eta 16 urte baino gehiago dituztenentzat ere badira. Oinarrizko euskara ikasiz, euskal kulturara hurbiltzeko nahia dutenek Udalaren Gizartekintza Sailera edo Udal Euskaltegira jo dezakete AISA programaren edizio berri bat antolatzeko.