Bost eguneko fisio-hidroterapia saioa Orbean

Bost eguneko fisio-hidroterapia saioa Orbean
2016/10/27 eta kitto!
Diagnostikatu gabeko gaixotasunak dituzten Eibarko umeen elkartekoek (AFESD) Boris Guinzburg sendagile errusiarra ekarriko dute datorren astean Orbea kiroldegian ordubeteko hainbat saio eskaintzeko. Fisio-hidroterapia saioek Guinzburg-ek sortutako Aquananda metodoari jarraituko diote: “Astelehenean, urriaren 31n, hasita eta barixakura arte, 10 ordu izango dira guztira, bost egun horretan banatuta. Goizean (10:00-11:00 eta 11:00-12:00) eta arratsaldean (16:00-17:00 eta 17:00-18:00) izango dira saioak eta prezioa 120 eurokoa da”, dio AFESD-eko Marga Gomezek. Bi urteko Ibairen eta sei urteko Aroaren gurasuek orain dela urtebete sortutako elkartea da eta “guraso gehiagori ere zabalik dago”.
Guinzburg medikoa Italian bizi da gaur egun eta han izan zuten bera ezagutzeko aukera, baita uretan jardundako denboran umeek izandako progresioa zuzenean ikusteko ere. “Horregaitik egin dugu hona ekartzeko ahalegina. Hamar laguneko taldeak osatuko ditugu eta jaio berritik sei urtera artekoak hartuko ditugu. Hori bai, guztieri zabalduta badago ere, edozein minusbalia daukatenek izango dute lehentasuna”, dio Gomezek, Gasteiztik ere izena eman dutela gaineratuta. Aquananda metodoak “fetuak poltsaren barruan daukan bizitza simulatzen dau, eta jarrita be egon ezin dan umia tente ipintzeko gauza da”. Izena emateko, jendeak 629 77 96 71 telefono zenbakira deitu leike.