Errebal berriaren izena eta irudia aukeratzeko eskolarteko lehiaketa egingo du Udalak

Errebal berriaren izena eta irudia aukeratzeko eskolarteko lehiaketa egingo du Udalak
2017/09/05 eta kitto!
Errebalen jasoko duten eraikinaren izena eta irudi korporatiboa finkatzeko eskolarteko lehiaketa eta herri-galdeketa egingo ditu udalak. Horretarako proposamena uztailaren 26ko ezohiko osoko bilkuran onartu zen, prozesua zuzenduko dituen oinarriekin batera. Izenen proposamenak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek egingo dituzte eta irudi korporatiboarenak, berriz, Eibarko ikastetxeetako Batxilergo Artistikoko ikasleek. Behin proiektuak aurkeztuta, erakusketa egingo dute eta, aurkeztutako proiektuen artean bat aukeratzeko herri-galdeketa egingo dela aurreratu dute.
Lehiaketan parte hartzeko interesa duten Lehen Hezkuntzako ikastetxeek irailaren 11tik 29ra bitartean eman beharko dute izena. Izen-ematea ikastetxe bakoitzeko zuzendariak egin beharko du, internet bidez (www.eibar.eus  helbidean) edo, bestela, Pegoran. Lehen Hezkuntzako ikastetxe irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du eta Batxilergokoak, berriz, 3.000 eurokoa. Gainera, izena ematen duen LH-ko ikastetxe bakoitzak 300 euro jasoko ditu, ikastetxe irabazlea izan ezik. Lehiaketa udal gobernu-taldeak EH-Bildu Udal taldearekin batera iazko aurrekontuetan adostutako zuzenketa baten ondorioz ipini da martxan.