Kide ugariko familiei deialdia Portalean

Kide ugariko familiei deialdia Portalean
2018/02/16 eta kitto!
Hiru seme-alaba edo gehiago (edo bi, bietako bat elbarritua bada) dituztenak dira kide ugariko familiak. Horrelako 24.600 familia daude Euskadin gaur egun eta horretako 8.000 Hirukideren barruan daude (44.000 lagun guztira). Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkarteen Federazioa da Hirukide eta kolektibo honen eskubideak defendatzea du helburu 1999an sortu zenetik. Datorren martitzenean, hilaren 20an, federaziokoek hitzaldia eskainiko dute 18:00etan Portalean.

 

Kide ugariko familiek (edo izan behar dutenek) eskura dituzten zerbitzu eta laguntzen berri jasotzeko aukera egongo da martitzenean Portalean. Hirukidek bere ekintzen berri emango du, eta diru-laguntza eta hobarien informazio zehatza eskainiko du familien iradokizun eta erreklamazioak jasotzeaz gain. Hirukidek kide ugariko familien batasuna aldarrikatzen du, euren ahotsa gehiago entzungo delako horrela.

Azken urteotan hainbat berritasun egon dira kolektibo honen inguruan, “eta kide ugariko familia batzuek ez dituzte ezagutzen”, Hirukideren berbetan. Batetik, pasaporte- eta NAN-tasak ordaintzeko salbuespena dago. 2017az geroztik NAN edo pasaportea eskuratu nahi duten kide ugariko familiako kideek doan egin ditzakete euren prozedimenduak, “dokumentu ofizial hauek lortzeko tasak ordaindu barik”.

Kide ugariko familien baldintza legalari eusteko luzapena sartu zen indarrean iaz. Horren ondorioz, familiek titulu hori izango dute euren seme-alaba gazteenak legean ezarritako adina bete arte (21 urte edo 26, ikasketekin edo formakuntzarekin jarraitzen badu). Errekeritutako gehienezko adina gainditzen duten seme-alaba nagusienak titulutik irteten joango dira, baina familiako beste kideek titulua mantentzen jarraituko dute seme-alaba gazteenak gehienezko adina bete arte.

Elektrizitatearen bonu-soziala garatzen duen errege-dekretua onartu eta gero, kide ugariko familiek %25eko deskontua izango dutela ere konfirmatu da. Gainera, erregulazio honekin hobariazko kontsumoaren mugak zehaztu dira, 3.600 kw/urteko gehienez kide ugariko familien kasuan. Horrela, gehienezko kontsumo horretara iritsi arte bonuaren %25eko deskontua aplikatuko da eta, hortik aurrera, tarifa normala fakturatuko da.

Kide Ugariko familien inguruan egon den beste berritasun bat pentsioetan amatasunagatik ematen den osagarria da. Iaz onartu zen neurria da eta, honen bitartez, gutxienez bi haur izan dituzten emakume langileek amatasun osagarria jasoko dute euren pentsioarekin. Bi haur izan duten emakume langileek %5eko igoera izango dute, hiru ume eduki dutenek %10ekoa, eta lau ume edo gehiago izan duten jubilatutako emakumeek %15eko igoera izango dute.

 

Batuta ekitearen indarra

Batasunak indartsu egiten gaitu”, diote Hirukidekoek. “Zenbat eta familia gehiagok osatu Hirukide, orduan eta handiagoa izango da gure gaitasuna administrazioekin eta erakundeekin negoziatzeko, gure eskubideak babesteko eta kide ugariko familia jendartean eduki behar duen tokian jartzeko”, euren berbetan.

Horretarako, bazkide egiteko gonbidapena luzatu nahi die Eibarko kide ugariko familiei eta euren webgunea utzi dute eskura horretarako (www.hirukide.com). Informazio gehiagorako, hirukide@hirukide.com helbidera idatzi edo 945 25 36 02 telefonora deitu daiteke.