Pertsona nagusientzako udalekuak egingo dira ekainean

0    Gizartea 
Ekhi
Pertsona nagusientzako udalekuak egingo dira ekainean
2018, Eka 07

“Udalekuekin gazteek aisialdirako aukera badaukate, jubilatuek zergatik ez?”, galdetu du Felix Elkoroiribe Biztu elkartearen presidenteak gaur goizean egin den prentsaurrekoan. Udalekuen proposamena Joseba Garcia La Salleko udalekuen arduradunari aurkeztu eta ideia bikaina iruditu zitzaion, eta baita Udalari ere. Horrela, ekainaren 27tik 30era La Sallek San Asension (Errioxa) duen egoitzan udalekuak egingo dituzte. “Proba pilotua izango da”, Garciaren berbetan, “eta datozen urteei begira eskaintza iraunkorra sortzea da asmoa”.

Dagoeneko 10 lagunek eman dute izena, baina ekainaren 25era arte egongo da apuntatzeko denbora. 30-35 lagunentzako tokia egongo da eta 140 euro ordaindu beharko ditu bakoitzak. “Mantenu osoan joango dira udalekuetara, beraz, merkea dela deritzot”, adierazi du Elkoroiribek. Eibarko jubilatu etxeetako bazkide izan behar da udalekuetara joateko.

Joseba Garciak azaldu duen bezala, bost helburu nagusi ditu egitasmo honek. “Batetik, pertsona nagusien kolektiboari eskaintza berria aurkeztea, ohiko eskaintzatik urrun dagoen zerbait; bigarrenik, taldearen balioak, solidaritatea… lantzea; hirugarrenik, ezagutza kognitiboa lantzeko aisialdi aukeretan sakontzea; laugarrenik, Agenda 21 egitasmoa pertsona nagusien kolektiboan hedatzea; eta azkenik, eskaintza barneratzailea ematea, pertsona ahulenak kontuan hartuz”. Jende ausartenak eman ohi du izena horrelakoetan, baina bakarrik geratu den jendearengana iritsi nahi dute antolatzaileek. “Pertsona horiek taldearen parte izatea nahi dugu; elkarbizitzea, gozatzea eta euren lagunen zirkulua handitzea”.

Umeen udalekuek duten dinamika jarraituko dute, baina pertsona nagusien adinari egokitutako ekintzekin. Gainera, Eva Perez de Albeniz psikologoaren laguntza izango dute antolatzaileek eta arlo psikologikoa lantzeko tailerrak egingo dituzte. “Zaintza kognitiboa lantzen saiatuko gara eta ‘Adimen azkarra’ izeneko tailerra egingo dugu burmuinaren aktibitatea eta hemisferioak aktibatzeko”. Hala ere, Perez de Albenizen helburu nagusia udalekuetara doazenek ondo pasatzea da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »