Zapatuan zabalduko da berriro Indianokua Gaztelekua

0    Gaztekitto, Gizartea 
Ana
Zapatuan  zabalduko  da  berriro  Indianokua  Gaztelekua
07 Ira
10:54

Udako oporren ostean,  zapatu honetan (irailak 9) Indianokua gaztelekuak ateak zabalduko ditu berriro, ekintza berri eta mordo bat egiteko asmoz. Zapatuan 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta domekan 17:00etatik 20:30era.

Eibarko Indianokua Gaztelekua Muzategi kalean kokatuta dago eta 12-18 urte bitarteko gazteentzako da. Gaztelekuko arduradunen esanetan, “egitarau bat prestatzen dugu hilero eta horman, denek irakurtzeko moduan ipinita egoten da, egun bakoitzean zer egingo den aldez aurretik jakin dezaten. Nahiko finkatuta dauden jardueren artean batzuk aipatzearren eskulan tailerrak, filmen emanaldiak, Disparate Eguna, sukaldaritza ikastaroa eta Play/Wii daude. Eskulan tailerretan gauza ezberdinak egiten ditugu. Ping-pong, futbolin eta horrelakoek oso arrakasta handia izaten dute beti eta, horiekin batera, nola ez, internet eta bideojokoak ere asko gustatzen zaizkie, baina horiek erabiltzeko mugak daude, bakarrik egun eta ordu zehatz batzuetan lagatzen diegu kontsola eta ordenagailuetan ibiltzen, hemendik kanpora ere nahikoa denbora ematen dutelako horietan. Bestalde, sukaldaritza ikastaroetan prestatzen direnetarako behar diren produktuak erostera-eta gurekin batera etortzen dira, batzuetan errezetaren bat ekartzen dute…

Gaztelekuaren helburua  astialdiaz  modu aktiboan, parte-hartzailean, sortzailean eta osasungarrian gozatzea da, ongizate emozionalari lagunduz. Horretaz gain Gaztelekuan bereziki azpimarratzen dute autonomia garatzearen garrantzia, “nork bere buruaren antolaketa kudeatzeko gaitasuna lortzea, eta adin bereko kideekin lotura egonkor, atsegin eta erreferentziazkoak sortu eta sendotzea“.

Informazio gehiago: https://eibarkogaztelekua.wordpress.com/

Iraider Garcia begiralearekin argitaratutako elkarrizketa: http://etakitto.eus/berriak/elkarrizketak/iraider-garcia-indianokua-gaztelekuko-begiralea-gazteak-jardueren-antolaketan-parte-hartzera-animatu-nahi-ditugu.html

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »