Guinness errekorraren bila

Guinness errekorraren bila
2017/05/19 eta kitto!
Proposamen berritzaile eta ausartarekin gatoz zuengana. Eibartarron ezaugarriekin bat datorren ekitaldia prestatu nahi dugu: berritzailea, ausarta, originala, erronkazalea. Guinness Errekorra gaindituko dugu!!! Ekainaren 22an, iluntzean, 2.500 lagunek osatutako irudi bat egingo da Untzaga plazan Guinness marka bat hausteko.

Marka horrekin Euskararen Plan Estrategikoa garatzeko eratu dugun “Eibarren AKEBAI” plataforma aurkeztu nahi dugu. Udalak, Eibarko eragileek eta herritarrek osatua dagoen plataforma. Oso proiektu irekia, berritzailea, bateratzailea, anitza, ausarta eta parte-hartzailea da; Eibartarron parte-hartzearekin eibartarrontzat egina. Denok dugu hor lekua, eibartar guztiok.

Lehenengoz egingo da Eibarren tamaina horretako ekitaldi bat. Auzoetatik abiatu eta Untzaga plazan elkartuko gara denok (ume, gazte, zahar; emakume, gizon; ikasle, bihargin, langabetu, pentsionista; irakasle, kirolari, bulegari, kazetari, dantzari, musikari, merkatari, tabernari; talde, ekimen, elkarte, erakunde...). Denon artean lortuko dugu!

Zure auzoko batzarra ondorengo leku eta egunean izango da: Erdigunean bizi bazara, Udaletxean izango da batzarra, maiatzaren 22an (astelehena), 19:00etan. Urki ingurukoak Portalean elkartuko dira maiatzaren 23an (martitzena), 19:00etan. Amañakoak Armeria Eskolan maiatzaren 24an (eguaztena), 19:00. Eta Urkizu ingurukoentzako bilera ...eta kitto!n izango da maiatzaren 25ean (eguena) 19:00etan.

Baietz Eibar Guinnessen sartu! Horra hor erronka! Aupa Eibar eta eibartarrok!

Eibarren AKEBAI

EMAN IZENA AKEBAI.EUS ORRIAN

IMG_0697